Estrasburgoko Europako Kontseiluaren ekimenez, 2001. urteaz geroztik Hizkuntzen Europako Eguna ospatzen dugu urtero irailaren 26an (informazio guztia euskaraz ere badago Europar Kontseiluaren webgunean). Helburu nagusia da jendeari adieraztea zelako hizkuntza aniztasuna dagoen gure kontinentean eta zein aberasgarria den aniztasun hori guztiontzat. Hizkuntzak ikasteko eskaintza handitu nahi da, eleaniztasuna bultzatuz, eta Europako hiritar guztiek gutxienez 2 hizkuntza hitz egin ditzatela ziurtatu nahi da. Ospakizunaren inguruan hainbat ekitaldi eta lehiaketa ere antolatzen dira urtero. Aurtengoan, bideo labur-labur bat bidaltzea eskatzen dute gai honen inguruan: "[X hizkuntza] maite dut honengatik...". Parte hartzerik nahi?
Europako Kontseiluak eta Europar Batasunak lankidetzan antolatzen dute urtero Hizkuntzen Europako Eguna, Europaren aniztasuna ospatzeko eta hizkuntzak ikasteko jardueren bidez. Ekimenaren webgunean aipatzen denez, hauexek dira Hizkuntzen Europako Egunaren helburu nagusiak:
1. Hizkuntzak ikastea zein garrantzitsua den azpimarratzea eta ikasten diren hizkuntzak dibertsifikatzea, eleaniztasuna eta kulturen arteko komunikazioa sustatzeko.
2. Europako hizkuntza- eta kultura-aniztasunaren aberastasuna sustatzea, babestu eta bultzatu beharreko elementu gisa.
3. Eskolan zein eskolaz kanpo hizkuntzak etengabe ikastea sustatzea, ikasketengatik, trukeengatik, behar profesionalengatik, mugikortasunarengatik edota plazer hutsagatik.
Europak hizkuntza-aberastasun handia du: 200 hizkuntza europar baino gehiago dago eta askoz ere gehiago hitz egiten dituzte beste kontinenteetatik datozen herritarrek. Baliabide garrantzitsua da eta aitortu, erabili eta balioztatu behar dugu.
Hizkuntzak ikastea onuragarria da gazte zein helduentzat –inoiz ez gara nagusiegiak hizkuntza bat ikasteko eta horrek eskaintzen dizkigun aukerez gozatzeko–. Esate baterako, oporretan bisitatzen ari zaren herrialdeko hizkuntzaren hitz gutxi batzuk baino ez badituzu menderatzen ere, lagun berriak eta kontaktuak egiten lagunduko dizute.
Beste hizkuntza batzuk ikastea elkar ulertzeko eta gure arteko desberdintasun kulturalak gainditzeko modua da.
Ospakizunarekin batera, lehiaketa bat ere antolatzen du urtero. Aurtengoa erraza da, bideo-labur bat bidaltzea aski baita. 10-20 segundu bitarteko bideo bat grabatu mugikorrarekin, esanez zergatik maite duzun hizkuntza bat (zurea edo beste bat), eta webgune honetan gehitu behar da.
“I love [a language] because…” Horrela hasi behar duzu zure bideoa: [X hizkuntza] maite dut honengatik. Edozein hizkuntzatan bidali daiteke, bakarka edo taldeka, kantuan edo dantzan,...
Hona hemen adibide batzuk, orain arte jasotako bideoekin. Parte hartu nahi?
Erantzun
Sartu