PuntCat fundazioak, .cat domeinu katalanaren kudeatzaileak, babesa eskatu dio Interneteko domeinuen nazioarteko kudeatzaileari, ICANNi, Espainiako gobernuaren aldetik jaso dituen domeinu-itxiera zentsuratzaileen aurrean. PuntuEus Fundazioak bat egin du salaketa eta babes-eskaera horrekin.
Espainiako Gobernua Kataluniako urriaren 1eko webgune guztiak ixteko edo oztopatzeko lanean ari da.
Publiko egin zen lehen domeinua referendum.cat izan zen, baina haren erregistratzaile eta DNS kudeatzailea Espainiako Estatuan kokatutako enpresa bat zenez, Goardia Zibila enpresara bertara joanda eten zen hura.
Orduan, Carles Puigdemont-ek bi domeinuren irekiera iragarri zuen, bata bestearen ispilu: ref1oct.cat eta ref1oct.eu. Espainiako Gobernuak hauen kontra ere ekin du, batetik, PuntuCat erakundea presionatu du debekatzeko erreferendumarekin lotutako .cat guztiak ezabatzeko, eta bestetik, beste luzapen batzuk dituenak zerrendatu ditu eta Espainiako Interneteko zerbitzu-emaileei eman die blokeatzeko agindua. Movistar eta Vodafone sareetan debeku hori aplikatu da, eta baita, dirudienez, Euskaltel sarean, nahiz eta enpresa honek ukatu duen Interneten.
PuntCat fundazioaren protesta eragin duena .cat itxiera kolektiboa izan da. ICANN-i bidali dioten gutunean diotenez, agindua ez da domeinu zehatz batzuei buruzkoa, baizik eta zabalagoa da: PuntCat-ek egin behar omen du lan zentsuratzaile eta bere kasa aurkitu eta itxi erreferendumarekin loturarik izan ditzaketen domeinu-izenak. "Edukia zenrtsuratzeko eta adierazpen askatasuna ezabatzeko eskatzen digute", dio oharrak. "Domeinu kudeatzaile gisa dugun posizioa konprometitzen du horrek (...) eta Interneten katalanez komunikatzen den komunitatearen ordezkari izateko gure posizioa zalantzan geratzen ari da".
PuntuEus Fundazioak bat egin dio protesta horrekin txio honen bitartez.
Bestalde, erreferendumaren webgune ofiziala ikus daiteke hainbat bidetatik. Puigdemont presidenteak proxy zerbitzuak erabiltzea proposatu zuen, irudi honen bertsio katalanarekin:
Hala ere, proxy barik ere, baina beste domeinu batzuek sarbide zuzena uzten dizute oraindik, hala nola Referendum.ninja eta Referendum.eus zerbitzuek. Domeinu hauetan ikusten dena hainbat zerbitzaritan banatuta dago, eta P2P sare baten bidez dago sarean: nodo bat ixten bada, beste batzuek iraungo dutela esan nahi du horrek. InterPlanetary File System du izena teknologia horrek, eta hemen azaltzen dute nola ari diren erabiltzen katalanak. Hala ere, oztopatze teknologikoa eta judiziala min egiten ari da jada: erreferendumaren webgunean ikusten den egutegia (ikus beheko irudia) gainditua geratu da. Edo ez da eguneratu, edo epeak bete ezinean aurkitu dira antolatzaileak.
Oraingoz zentsuratik kanpo nolabait Twitter dagoela ematen du. Kontu hau ari da han zabaltzen erreferendumari buruzko informazioa: @ref1oct
.eus-ena http://www.referendum.eus da, https gabe da.