Teknologia albisteak

NBAren kamiseta "digital" berriak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-09-20 : 15:20

Jokalari profesionalen eta zaletuen arteko harremana estutzea. Horixe omen da NBAk (AEBko saskibaloi liga profesionalak) aurkeztu dituen kamiseta berrien helburua. Zaletu batek bere jokalari faboritoaren kamiseta erosten duenean, kamiseta hori txip baten bidez norbere telefonoarekin konektatuko da, eta eduki berezia jasotzeko aukera emango dio zaletuari: jokalariaren elkarrizketa esklusiboak, jokalari horrek entzuten duen musikaren play-lista, bere estatistikak, eta abar. 

NBAk eta Nike-k 8 urterako hitzarmena izenpetu dute saskibaloi liga handieneko arropa komertzializatzeko. Hitzarmenaren aurkezpena aprobetxatuz "kamiseta konektatuak" izango direnak ere erakutsi dituzte. Zure jokalari faboritoaren kamiseta erostean, txip batekin etorriko da eta txip horri esker jokalari horren inguruko eduki esklusiboa jaso ahalko du zaletuak, mugikorra txip horren alboan jartzearekin batera. 

Arropa berria irailaren 29an merkaturatuko da. NikeConnect aplikazioa jaitsi beharko da (Android zein iOS) eta NFC txipak irakurtzeko gaitasuna duen telefonoa beharko da (guztiek ez dute balio, beraz).

Zalantzarik gabe, arropa gehiago saltzeko estrategia komertziala besterik ez da, baina teknologia berriei esker merkatuan gertatzen ari diren aldaketen berri ere ematen digu: eduki gehigarri pertsonalizatua eskaintzea, mugikorrarekin lotutako estrategiak, esklusibotasunaren zirrara,... 

Kamisetak dakarren txip horri esker, eta zure mugikorra txip horren ondoan ipinita, zure jokalari faborito horren inguruko informazio gehigarria jasoko duzu: bere estatistika pertsonalak, jokalariak zaletuei bidalitako mezu pribatuak, bideo-elkarrizketak (partidu bakoitza amaitu bezain azkar),... baita partidu aurretik kontzentratzeko entzuten dituen abestien play-lista ere. Azken batean, zaletuen eta jokalarien arteko harremana estutzeko modua da. Izan ere, gizakiaren betiko ametsa: izarrak ukitzea.

Erantzun

Sartu