Teknologia albisteak

WhatsApp-ek zerbitzu berria iragarri du enpresentzat

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-09-14 : 13:45

WhatsAppek iragarri duenez, enpresa eta markentzat zerbitzu berria jarri(ko) du martxan. Whatsapp Business izango da bere izena, eta markek bezeroekin harreman zuzena izan dezaten pentsatutako zerbitzua izango da. Dagoeneko egin dituzte lehenengo probak. Gainera, enpresen Whatsapp kontuak identifikatzen eta zertifikatzen ere hasi da Whatsapp. Enpresen kontu ofizialetako mezuak check-ikur berde batekin azalduko zaizkigu Whatsappen.

Mezularitza-zerbitzu ezagun eta erabiliena da WhatsApp. Herrialde batzuetan alde handiarekin, gainera. Lagun eta senideen arteko komunikaziorako tresna da, neurri handi batean, baina gero eta arruntagoa da enpresa eta negozioekin konektatzeko ere erabiltzea. Orain arte, hala ere, Whatsappek ez dauka bezero-enpresa komunikazio hori bideratzeko tresna espezifikorik. Horixe da Whatsapp Business honen bidez bideratu nahi dutena: Whatsappa izan dadila erabiltzaileok enpresekin/dendekin/konpainiekin komunikatzeko daukagun tresna erraz eta eraginkorrena.

Dagoeneko egin dituzte lehenengo probak, eta enpresa batzuk hasi dira probako zerbitzu hau zenbait bezero jakinekin probatzen. Hona hemen, adibidez, KLM konpainiak joan zen astean argitaratu zuen promo-bideoa. 

Lehentasun handiena da enpresen profilak egiaztatu ahal izatea, eta ziurtatzea telefonoaren beste aldean daukagun hartzaile hori benetan enpresa edo negozio bateko ordezkari ofiziala dela. Honezkero egin dituzte lehenengo probak, eta egiaztatutako profil horiek ikono berde baten bidez agertuko zaizkigu mugikorrean (oraindik proba fasean) 

  

Erreminta berria doakoa izango omen da enpresa txikientzat, eta ordainpekoa ertain-handientzat. Whatsappek ez du zehaztasun gehiagorik eman oraingoz, baina enpresa handien adibide gisa jarri ditu hegazkin-konpainia, e-commerce enpresak eta banketxeak. Helburua litzateke, enpresa bakoitzak ez garatzea aplikazio berezi bat bere jakinarazpenak bidaltzeko, informazio guztia WhatsApp bidez bideratzea baizik. Erabiltzaileak ere ez lituzke beharko dozenaka aplikazio bere telefonoan; nahikoa litzateke WhatsAppa instalatzea, bertan jasotzeko informazio guztia: hurrengo hegaldirako ontziratze-txartela, banketxeko azkenengo mugimenduak, gustuko hedabideetako azkenengo albisteak, erosi berri dugun produktu horren bidalketaren jakinarazpena,... 

Enpresentzat mesede, erabiltzaileentzat mesede,... eta batez ere WhatsAppentzat mesede. Gogoan izan WhatsAppa Facebooken produktu bat dela. Munduaren konkistarako beste urrats bat? ;)

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago