Teknologia albisteak

Jolasparkeak.eus - Euskal Herriko jolasguneen eta jolas parkeen webgune berria

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-08-04 : 10:20

Jolasparkeak.eus atariak tresna baliagarri izan nahi du Euskal Herriko jolasguneen eta jolas parkeen bilduma osatzeko. Bi espazio mota bereizten ditugu: jolas parkeak eta jolasguneak. Jolas parkeak dira neska-mutikoentzako txirristak, ziburuak edo jolaserako antzerako estrukturak eskaintzen dituzten espazioak. Jolasguneak ez ditugu zuzenean jolaserako estruktura horiekin lotzen. Plaza bat, erreka bazter bat, lorategia bat eta baso ingurune bat… jolasgune interesgarriak izan daitezke. “Patroi berdina erabiliz eraiki diren jolas-parkeak” saihestu eta bestelako ereduak bildu asmoz, jolasguneen mapa osatzen joatea da helburua.

Jolasparkeak.eus ataria, Euskal Herriko jolasguneen gida bat da. Bertan zazpi herrialdeetako aire libreko jolaserako espazioak aurkituko dituzu. Baina ez edozein gune, alajaina; izan ere, jolaserako hainbat espazio daude gurean eta guk, gida honen egileok, gune esanguratsuenak hautatu ditugu. Eta zergatik hori? Bada, azken hamarkadetan ohikoa bilakatu delako patroi berdineko jolas parkeak eraikitzea han eta hemen. Hainbatetan entzun dugu haur bakoitza mundu bat dela. Beraz, zergatik eskaini jolaserako espazio berdinak haur guztiei?

Adituek eta arituek hainbat aldiz esan dute haurrek berezkoa duten jolaserako sena kamusten dutela patroi berdina erabiliz eraiki diren jolas parke hauek: partxis koloreko ziburuez, txirristez eta abarrez osatutakoak, alegia. Eta aldiz, arituek, hau da haurrek, behin eta berriz erakusten digute jolaserako edozein espazio dela egokia edo egitura berdinez ostatutako jolas parkeei beste erabilera bat ematen dietela; gora eta behera ibiltzea, makilekin eta lurrarekin errekastoak eraikitzea, hanka bakarrean saltoka aritzea, eta nola ez ezkutaketan aritzea. Horretarako eta beste hainbat eta hainbat jolaserako nahikoa dira gune irekiak eta moldaerrazak.

Norberaren jolas esperientzian atzera egin ezkero hortxe aurkituko ditugu kontzejupeak, parkeak, frontoiak, plazak, bolatokiak… eta beste hainbat jolaserako espazio. Eta ez dira derrigorrean eta espreski jolaserako sortutako jolas parkeak. "Guk halaxe izendatu dugu gida hau, jolasparkeak.eus. Gure iritziz, polita izan daiteke txikitako jolasgune horiek akordura ekarri eta berreskuratzeko saiakera egitea. Baina ez hori bakarrik, eraiki diren jolas parkeen artean ere badira material naturalez egindakoak direnak, moldaerrazak direnak, prozesu parte-hartzaileen bidez egin direnak edo haurraren motrizitatea, sormena eta abenturarako sena sustatzen duten elementuez osatutakoak direnak. Horiek bildu eta ezagutzera ematea ere gustatuko litzaiguke".

Webgune berri hau ondorengoen proiektua da: TxatxilipurdiOlgeta eta Goiena

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago