Teknologia albisteak

Katalanera babesten duten legeen aurkako erabaki "konstituzional" andana

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-07-15 : 09:56

Urriaren 1eko Kataluniako independentzia erreferenduma geldiaraztea: horixe dirudi Espainiako estatu aparailuaren epe hurbileko egiteko politikoa. Eta presio horren ondorioz, ikarak eta krisiak ere bai Kataluniako Gobernuan (aste honetan bertan, gobernu aldaketa). Baina hori guztia gertatzen ari den aldi berean, epe luzeko politikak eta praktikak aurrera jarraitzen du: joan den astean katalanaren erabilerari zegozkion lau lege katalan atzera bota zituen Auzitegi Konstituzionalak.

Katalana lau alorretan sustatzen zuten legeak izan dira Auzitegi Konstituzionalaren jomugan. Honako hauek:

  • Zinearen legea. Lege horren arabera, Katalunian emandako aretoetako emanaldietan, %50 egon beharko lirateke katalanez bikoiztuak edo azpidatziak. Konstituzionalak gehiegizkoa deritzo portzentaiari eta asko jota %25 izan beharko litzatekeela ebatzi du (nolanahi ere, portzentaiak ez dira orain iristen horretara ezta inondik ere). Informazio gehiago:elcinefil.cat
  • Ikus-entzunezkoen legea. Kataluniako 2005eko lege bat eraman zuen Konstituzionalera PP alderdiak, katalanari gehiegizko erabilera ematen zitzaiolakoan. Puntu batzuk ez ditu onartu Konstituzionalak (adibidez, lizentzia banaketan katalanaren erabilera faktore positibotzat hartzea legezkoa omen da, eta baita ere Kataluniako telebista publikoaren erabilera-hizkuntza katalana izatea), baina hedabide publikoetan katalana lehenetsi arren, "gaztelania ezabatzea" ez da legezkoa. Hau nola beteko den ez dago oso argi, zeren eta, praktikan, Generalitatearen hedabide publikoak, elebakarrak dira (lekutan dago hura geurearekin alderatuta). Informazio gehiago hemen.
  • Etorkinentzako harrera legea. Lege horren arabera, zerbitzu publikoek bide eman behar diete etorkinei, katalana ikas dezaten. Eta behin ikasketa prozesu horretan barneratuta, ondoren gaztelaniarako laguntza ere eskainiko da. Bi hizkuntzak batera ez eskaintzea, gaztelania diskriminatzea dela ebatzi du Konstituzionalak. Informazio gehiago: cnjc.cat
  • Kontsumoaren kodea. Kontsumitzaileen eta merkataritza alorraren harremanak kodetzen dituen kode honetan, bi puntu ezabatu ditu Konstituzionalak. 128-1 artikuluaren arabera, kontsumitzaileek eskubidea behar lukete Katalunian zerbitzua eskaintzen dien enpresak erantzun diezaien idatziz eta ahoz aukeratutako hizkuntzan. 128-2 artikulua ere ezabatu du Konstituzionalak: zerbitzu komertzialen dokumentazioa, instrukzioak eta informazio kontraktuala (fakturak, adibidez) katalanez lortzeko eskubidea behar lukete kontsumitzaileek. Kontsumoaren kodearen testu original osoa, hemen (PDF).

Bide batez, irakurle euskalduna konturatuko da gobernu eta parlamentu katalanak hizkuntzaren babeserako neurri ausartagoak hartzen dituztela, alderatuta Euskal Herrian esparru administratibo bakoitzean indarrean dauden politikekin.

Erantzun

Sartu