Teknologia albisteak

Googleren zerbitzu berria gaurtik: zure ordenagailuaren babes-kopia egiteko aukera Driven

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-07-13 : 13:53

Azken asteotan pare bat aldiz iragarri (eta atzeratu) ondoren, gaurtik prest dugu Google Driveren zerbitzu berria. Hemendik aurrera, zure ordenagailuaren babes-kopia egiteko erabili dezakezu, oso modu errazean. Oraingoz Windows eta Mac ordenagailuetan bakarrik.

Atzo iragarri zuen Googlek norbere ordenagailuaren babes-kopiak egiteko zerbitzu berria. Erabiltzaileon Google kontuarekin (eta gure Drive karpetekin) lotuta egongo da, eta ordenagailuan daukagun informazio guztiaren segurtasun kopiak egiteko aukera emango digu. Ekainerako iragarri zuten lehenengoz Backup zerbitzu berria, baina test fasean akats txiki batzuk antzeman ondoren, atzo egin zuten iragarpen ofiziala. 

Oraingoz Windowsen eta Mac-en bakarrik dabil, ez Linuxen. Ondorengo helbidetik jaitsi daiteke aplikazioa, eta instalazioa erraza eta arina da. Google kontu bat beharko duzu, noski, eta zure erabiltzaile/pasahitzarekin logeatu ondoren, ordenagailuan duzun eduki guztia online gordetzeko aukera emango dizu. Zeuk aukeratzen duzu ordenagailuko zeintzu karpeta igo nahi dituzun sarera babes-kopia egiteko. Segurtasun kopia horretatik informazioa berreskuratzeko aukera izango duzu uneoro.

Ordenagailuan bertan Drive izeneko karpeta bat azalduko zaizu hortik aurrera, eta hortxe ikusiko duzu hodeian sinkronizatuta daukazun edukia. Sinkronizazioak atzeko planoan funtzionatzen du, erabiltzailea ohartu ere egin gabe. Erabiltzaile arruntenen premietarako nahikoa dela ematen du, lehen begiratuan. Konexio onarekin eta eduki-kopuru ohiko samarrarekin, aplikazioa arina eta eraginkorra da. Argazki eta bideoen backup-ak egiteko ere balio dezake (argazkientzat beste aukera batzuk ere baditu Googlek), baina kontuan izan une honetan 15 Gb-eko muga ezartzen duela Googlek. Hortik gorakoak nahi badituzu, espazio gehiago ere erosi dezakezu, noski; izan ere, horixe da zerbitzuaren diru-iturri nagusia Googlerentzat: muga bateraino doan eman, erabiltzaileen premia sortzeko, eta hortik aurrerakoak kobratu.

Erantzun

Sartu