Teknologia albisteak

Bilboko epaitegi baten erabakiak, P2P sareak erabiltzeagatiko isun eskaerak hedatu omen ditu

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-07-11 : 09:19

Bilboko epaitegi batek baimendutako agindu baten bidez, dozenaka lagunek 500 euroko isun eskaera bat jaso dute P2P sareak erabiltzeagatik. Internet bidez partekaturiko edukien gaietan berezitutako abokatu espainiar batek, David Bravok, salatu du kasua. Bravoren arabera, eskaera ez da bidezkoa, eta ez dago isun hori ordaintzeko oinarri legalik.

Nonbait abokatu bat ari omen da eskaerak egiten, egile eskubideen jabe izan daitezkeen bezeroen kontura, eta erabiltzaileei 500 euroko isun edo ordainketa eskatzen die. Nonbait, zigortutako jokabidea ez litzateke legez kanpoko deskargak egitea, baizik eta materiala jartzea sarean. P2P sistema batean, fitxategi bat jaisten duzun bitartean, dagoeneko jaitsi dituzun pusketak, eta partekatzeko karpeta batean eduki ditzakezun beste eduki batzuk ere zure makinatik beste erabiltzaile batzuengana iristen dira. Irudian, Transmission programa euskaratua, P2P partekatze hori egiten duenetako bat, kasu honetan BitTorrent sareak erabiliz.

Abokatu horrek nori egin dizkion eskaerak ez dakigu, Bizkaiko bezeroak ala beste toki batzuetakoak izan daitezkeen, baina David Bravok dioenez Bilboko epaitegi bateak IP helbideak lortu ditu, P2P sareen erabiltzaileen datuak eskatuz Interneteko zenbait zerbitzu-emaileri. David Bravoren iritziz, bide zibiletik ezin da behartu era honetako datuak ematera, eta konexio-enpresa batek bere bezeroari esleitutako IP helbidea kategoria horretan legoke. Hortaz, froga-baliorik ez lukete emandako IP datuek, eta ez litzateke oinarririk egongo isunetarako.

Isun-bilketarako sistema honek bereziki Alemanian egiten denarekin du antza (informazioa ingelesez eta gaztelaniaz). Han abokatuak ari dira era honetako eskaerak banatzen, inor P2P sareetan harrapatzen duten bakoitzean. Ustezko delitua ez da izaten deskarga, baizik eta materiala eskaintzea. Epaitegietako prozeduretara iristea oso garestia izan daiteke erabiltzaile gehienentzat, batez ere kontrako epaia gertatuz gero, eta hortaz, abokatuek proposatzen duten isuna (500 eta 1.000 euro artekoa izan daiteke) ordaintzea irtenbide erosoena izan ohi da, mingarria bada ere.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago