Teknologia albisteak

EAE osoaren tamainako iceberg erraldoia askatzekotan Antartikan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-07-10 : 10:12

Egun gutxitako kontua izan daiteke. Hilabeteak dira izozmendi ikaragarri handi honen jarraipena egiten ari direla, eta badirudi datozen egunotan askatuko dela sekula neurtu den iceberg erraldoienetako bat. Larsen C izotz-plataforman ari da gertatzen, Antartikan. Izozmendiak 200 kilometroko luzera izango du, eta ia-ia Euskal Autonomia Erkidego osoaren tamaina (6.000 km2). Historiako 3. handiena izango da.

Zientzilariak duela zenbait hilabete ari dira prozesua jarraitzen, baina badirudi dagoeneko egunetako kontua izan daitekeela. Egun gutxi barru askatuko da Larsen C plataformako iceberg erraldoia. Dagoeneko 200 kilometro inguruko arrakala ikus daiteke Antartikako inguru horretan eta 5 km eskas geratzen zaizkio erabat askatzeko eta itsasoratzeko. Gainera, aske dagoen eremua itsasorantz ari da mugitzen eta, ondorioz, haustura gero eta bizkorragoa da. Egun gutxitako kontua izango da, beraz.

Askatu ondoren osorik jarraitzen badu (balitekeelako zatikatzea), sekula neurtu den icebergik handienetakoa izango da. Izozmendi erraldoiak 200 kilometroko luzeera izango du, trilioi bat tonako pisua, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren tamaina ia-ia, 6.000 km2 izango baititu (EAEk 7.000 km2 ditu). Garaierari dagokionez, 100 metrotik gora izango ditu itsas gainean.  

 

Aldaketa klimatikoaren eragina ala ez?

Zientzilariak ez dira ados jartzen atal honetan. Aldaketa klimatikoaren eraginez askatuko da izotz puska ikaragarri hau? Ezetz diote batzuek, Antartikako glaziarren eta itotz-plaken dinamika arrunta dela orain ikusiko dugun hau, izozmendiak askatu eta itsasoratzea. Eguneroko kontua, alegia. Beste batzuen ustez, ordea, horrelako prozesu "ezohikoak" ohi baino gehiago ari dira gertatzen azken urteotan. Oraingo izozmendiaren alboan beste iceberg erraldoi bat askatu zen 1995ean (Larsen A plataforman) eta beste bat 2002an (Larsen B plataforman). Kasualitatea ote? Ala aldaketa klimatikoak eragindako bizkortzea?

Izotz-plaka erraldoi hau itsasoratzeak ez du eragin zuzenik izango ozeanoen ur-mailan, askatuko den iceberga dagoeneko itsasoan dagoelako orain ere, baina zientzialariek aipatu dute egoera berri honen ondorioz Larsen C plaka osoa desegonkortu daitekeela eta bertako glaziarren dinamika aldatu daitekeela.

Norantz joango da?

Hurrengo galdera ere egin dute adituek: norantz joango da izozmendia? Ezin zehatz jakin. Horretan eragina dute haize eta korronteek, baina hain neurri handiko icebergen portamoldea ezberdin samarra izan ohi da eta ez omen da hain erraza norabidea aurreikustea. Nola ez, iceberg honek arrisku handiak sortuko ditu hego hemisferioko itsas trafikoan, hasiera batean baino gehiago, behin zatikatu ondoren, dozenaka pusketa handi sakabanatuko baitira ozeanoan barrena.

 

 

......................

Argazkiak: The Antarctic Report eta NASA. 

Erantzun

Sartu