Teknologia albisteak

Kantauri itsasoko ura inoiz baino beroago

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-06-28 : 10:33

Azken egunotan sarri entzun dugu gure hondartzetan: "ura epel-epel dago, ezta?". Bai, hala da. Inoiz baino beroago dago gure kostaldeko ura, bataz besteko tenperatura baino gradu bat gorago, barrena. Datuak ditugunetik, Kantauri itsasoko ura inoiz ez da egon hain epel ekainean.

Espainiako estatuko Buien Sareak zabaldu ditu datuok: Kantauri Itsasoko eta Mediterraneoko urek errekor historikoak gainditu dituzte ekainean zehar. Itsasoko ura inoiz baino beroago dago. Bilboko buiaren datuak zabaldu dituzte, eta ohiko tenperatura baino 1,21º C gorago egon da ura Bizkaiko kostaldean ekainean zehar.

Aspaldiko kezka da, aldaketa klimatikoaren ondorioz, itsasoko uren tenperatura gero eta epelagoa izatea. Mediterraneoan nabarmena izan da igoera azken urteotan. Aurtengo honetan, ordea, Kantauri itsasoan ere igoera nabaria dela jakinarazi dute. Galizia eta Euskal Herria bitarteko urak inoiz baino beroago daude, azken 10 urteotako batez bestekotik gora kasu guztietan, eta muga historikoetan kasurik gehienetan. 

Bizkaiko buiaren kasuan, ekainean zehar 23,5º C-ko tenperatura maximoa neurtu da (inoizko beroena garai honetarako) eta batez besteko tenperatura 19,09º C-koa izan da (hau ere azken 10 urteotako batez bestekotik nabarmen gora).

Anomalia termikoa itsaso eta ozeano guztietan nabaritu da 2017an zehar. Gogoan izan, 2016an gure planetako tenperaturaren marka historiko guztiak gainditu zirela (sekula neurtu den urterik beroena izan zen iazkoa) eta 2017a ere iazko markak berdindu edo gainditzekotan dagoela. 

 

Erantzun

Sartu