Teknologia albisteak

Zalaparta eta lemazain-aldaketa Uber-en

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-06-23 : 11:16

Travis Kalanickek dimititu egin du aste honetan. Azken asteotan Uber-eko hainbat akziodunen presioa jasan ostean, bere kargua utziko duela esan du enpresa ezagunaren fundatzaile eta arduradun nagusiak. Izan ere, Kalanicken izaerak eta agintean hartutako hainbat erabakik sekulako zalaparta sortu dute azkenaldian, eta enpresa bera ere indarra galtzen hasita zegoen. Izan ere, hainbat salaketa jaso ditu Uber-eko arduradunak, bere jardun desegokia zela eta. Konpainiaren ibilbide-orrian aldaketa ekarriko du Kalanicken dimisioak. Orain arteko izaera agresibo eta oldarkorraren ordez, ildo neurtu eta lasaiagoa hartuko omen du enpresak.

Kalanicken izaera berezi eta oldarkorrak beti harrotu izan ditu hautsak. Enpresaren izaera ere halakoxea izan da, betiere liskar eta protesta artean murgilduta. Azken hilabeteotan, baina, egoerak eztanda egin du. Diskriminazio sexual eta laborala egotzi diote Kalanicki, akziodunen ahotsa ez entzutea, gidarien interesak ez zaintzea, enpresa barruko antolaketa arazoak, kudeaketa mailako erabaki desegokiak,... Adibiderako: une honetan, Uber-ek ez dauka ez zuzendari teknikorik, ez operazio-arduradunik, ez presidenterik, eta ezta finantza-zuzendaririk ere.

Egoera jasanezina suertatu da konpainiaren sortzaile eta arduradun nagusiarentzat, eta aste honetan dimititu egin du Uber-eko CEO kargutik. Erabaki hori hartzeko orduan, mugarri izan da konpainiako 5 akziodun handik (Benchmark Capital, First Round Capital, Lowercase Capital, Menlo Ventures eta Fidelity Investments) Kalanicki idatzi zioten eskutitza, Moving Uber forward, non berehalako aldaketa eskatzen zuten konpainiaren gidaritzan, konpainia jasaten ari den higadura handiagoa izan aurretik. 

Kalanickek (Los Angeles, AEB, 1976) 2009an sortu zuen Uber, azken urteotan gorakada handiena izan duen enpresetako bat. 80 herrialdetan funtzionatzen du eta 60.000 milioi dolarreko balioa dauka. Kalanick bera ere munduko pertsonarik aberatsenen artean dago. 

Travis Kalanicken dimisioak erabateko aldaketa ekarri dezake enpresak orain arte izan duen ibilbidean. Orain arteko izaera agresibo eta oldarkorraren ordez, ildo neurtu eta lasaiagoa hartuko omen du enpresak. Politikoki zuzenagoa, azken batean. Izan ere, ez dira gutxi izan Kalanicken aurkako salaketak. Lekuz kanpoko hainbat deklaraziosexu-diskriminazio eta sexu-eraso salaketak, kaleratze masiboak, espioitza sakaletak, konpetentziaren informazioa lapurretan ibili izana... Hala ere, izaera oldarkor hori izan arren (edo izaera oldarkor hori izatearren), konpainia izugarri hasi da azken urteotan, munduko konpainia ezagunenetakoa bihurtu arte, munduko hiriburu nagusienetako garraio-ohiturak errotik aldatzeraino. Neurri batean, gizartea ere aldatu duela aitortu behar zaio Kalanicki.

Hemendik aurrera zein norabide hartuko duen enpresak oraindik ere ikusteko gaude, baina behin oinarriak ezarrita, eta zalapartak itzalita, zalantza gutxi etorkizunean ere hizpide izango dugula Uber, baita orain arte baino gehiago ere. Eta Kalanick laster itzuliko den ere, oraindik ezin da erabat baztertu. Uber-eko 1000 langilek bere itzulera eskatu du azken orduetan. To be continued.

 

 

..............

Argazkia: Business Insider.

Erantzun

Sartu