Teknologia albisteak

Euskadiko Ziber-segurtasun zentroa irailean jarriko da martxan

Erabiltzailearen aurpegia
Irekia - EJ
2017-06-15 : 15:41

Eusko Jaurlaritzak ezagutzera eman ditu irailean abiaraziko den Euskadiko Ziber-segurtasun zentro berriaren xehetasun eta ezaugarriak. Zentro berri horrek SPRIren menpeko unitate zentralizatu batetik lan egingo du, eta etengabe koordinatuta egongo da Ertzaintzarekin eta EJIErekin (Informatika Sozietate Publikoa). Arabako Teknologi Parkean (Miñao) kokatuko da, eta langile tekniko espezializatuz osatutako egitura bat izango du. Dagoeneko ireki da langile horiek aukeratzeko prozesua.

Ekonomi Garapen eta Azpiegitura sailburu Arantxa Tapiak eta Segurtasun sailburu Estefanía Beltrán De Herediak elkarrekin aurkeztu dituzte Euskadiko Ziber-segurtasun Zentroa (CVCS) izango denaren oinarriak, zerbitzu horren kudeaketan inplikatutako erakundeen arduradun nagusien aurrean*.

Jaurlaritzak legealdi honetarako prestatu duen programan jasota dago “Euskadiko Ziber-segurtasun Zentroaren sorrera”, zeinak helburutzat izango baitu euskal enpresetan ziber-segurtasuna txertatzea, kudeaketaren berrikuntzako funtsezko elementua den aldetik.

 

Bi zeregin nagusi izango ditu zentroak. Batetik, Euskadi Europako erreferente bihurtzea informazio eta komunikazio teknologia berrien aplikazioan eta aurre egitea oro har euskal gizartean eta bereziki euskal enpresetan txertatzen ari diren iraultza digitalaren erronka berriei; bestetik, prebentzio eta erreakzio estaldura eraginkorra eta fidagarria ematea Euskadiko azpiegitura kritikoei eta enpresei balizko ziber-segurtasuneko mehatxu edo erasoen aurrean.

Unitate operatibo horrek CERT publiko bilakatu nahi du. Hau da, informatika arloko segurtasun gertakariei erantzuna emango dien lantalde bat (Computer Emergency Response Team dira ingelesezko siglak), mundu osoan zehar zabaldutako CERT publiko eta pribatuen nazioarteko sarearekin konektatua dagoena. Prozesu horretan lanean ari gara nazioartean, SPRIko langileen inplikazioari esker.

Bada mehatxu global bat, mundu osora iristen dena, baina ez da bakarrik arrisku bat enpresa handi eta azpiegitura kritikoentzat, baizik eta baita ere enpresa txiki eta ertainentzat, zeintzuen biziraupena kinka larrian egon baitaiteke ziber-segurtasun gertakariengatik.

Eusko Jaurlaritzak dio CVCS berriak sortuko duen testuinguruak eraginkortasuna emango diola administrazioaren kudeaketari, arrazoi hauengatik:

  • Koordinazio zentralizatua izango du ziber-segurtasun industrialari lotutako gaietarako.
  • Aukera emango du ziber-segurtasun industrialari lotutako gertakarien aurrean erreakzionatzeko eta modu zentralizatu eta espezializatuan tratatzeko.
  • Ezagutza teknikoak emango zaizkie segurtasun gertakariren bat jasan duten erabiltzaileei, arazoa ahalik eta azkarren konpon dezaten.
  • Ezagutza juridiko espezializatuak.
  • Berrikuntza gaitasuna, egunean egoteko ziber-segurtasun industrialaren arloan sortzen diren aurrerapenei buruzko ezagutzan.

Euskadiko Ziber-segurtasun Zentroaren zerbitzuak eta funtzioak

Euskadiko Ziber-segurtasun Zentroak (CERT publikoa) zerbitzu eta funtzio hauek eskainiko ditu:

+ Alerta goiztiar eta globala.

+ Kalteberatasunaren prebentziozko jakinarazpenak.

+ Gizarteari eta enpresei zuzendutako informazioa, sentsibilizazioa eta prestakuntza.

+ Talentua atzeman eta sustatzea.

+ Laguntza ziber-segurtasun arloko araudi-markoak egiteko.

+ Ziber-segurtasun zerbitzuak ematen dituzten enpresen erregistroa eta homologazioa.

+ Koordinazio-lana gertakariei erantzuteko nazioarteko CERT sarearekin.

+ Jardunbide egokien gida-liburuak eta erreferentziazko estandarrak.

+ Txostenak eta pizgarri espezifikoen proposamenak euskal enpresetan ziber-segurtasun elementuak txertatzeko.

+ Prospekzio teknologikoaren behatokia.

+ Hasierako aholkularitza eta ziber-erasoen aurrean erreakzionatzeko aholkuak (ziber-segurtasun arloko 112).

+ Aholkularitza juridikoa eta segurtasun sailarekiko konexioa ziber-segurtasun delituak prebenitzeko nahiz detektatzeko.

+ Zaintza-lana azpiegitura kritikoetan eragina izan dezaketen mehatxuei aurre egiteko.

+ Funtsezko zerbitzu publikoen jarraipena eta kontrola (SPS).

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago