Teknologia albisteak

Del.icio.us zerbitzu ezaguna itxi dute

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu.eus
2017-06-02 : 12:19

2003an sortu zen Delicious zerbitzua, eta 14 urtez tresna baliagarria izan da erabiltzaileon webgune eta orrialde gogokoenak artxibatzeko eta etiketatzeko (social bookmarking deritzona). Garai batean, 2000. hamarkadan zehar, Interneteko zerbitzurik ezagunenetakoa bilakatu zen. Azken urteotan eskurik esku igaro da, eta gaur iragarri dutenez, Pinboard-ek erosi du eta esan du ekainaren 15ean itxiko dutela. Egun horretatik aurrera ezingo da "gogoko" gehiago gorde Deliciousen, nahiz eta webgunea oraindik martxan egongo den eta hango edukia ez den ezabatuko epe laburrera. Erabiltzaileek bertan gordeta daukaten informazioa exportatzeko aukerak emango omen dituzte, esate baterako, Diigo moduko beste plataforma batzuetara exportatzeko.

Amaiera heldu zaio social bookmarking delakoaren aitzindariari (interneteko gure orrialde gogokoak artxibatzeko zerbitzua). Garai batean sareko erreminta ezaguna izan zena itxi egingo dute ekainaren 15ean. Aurreikusi zitekeen albistea da, egia esateko. Izan ere, azken urteotan eskurik esku igaro da Delicious, eta gero eta nabarmenagoak ziren zerbitzuaren gabeziak eta arazo teknikoak. Hala ere, oraindik ere milioika erabiltzaile eta esteka ditu zerbitzuak, eta gaurko albisteak eragina izango du, noski. 

Pinboardek erosi du, 35.000 dolarrean (huskeria bat, sareko beste produktu batzuen salerosketa ikusita). Pinboardek adierazi duenez, Delicious ez da momentuz saretik desagertuko. Ekainaren 15etik aurrera ezingo da Deliciousera eduki gehiagorik kargatu, baina bertan gordeta dagoen informazio guztia erabilgarri izango da Deliciousen erabiltzaileentzat. Gainera, bertako edukia exportatzeko tresnaren bat ere aktibatuko du Pinboardek, urteetan zehar Delicousen pilatu diren milioika estekatako artxiboak antzeko beste zerbitzu batzuetara exportatu ahal izateko. Diigo da, adibidez, gaur egun antzeko zerbitzua eskaintzen duen webgune ezagunenetakoa.

Bestela, Deliciouseko eduki guztia Pinboard bidez ere kontsultatu ahal izango da, noski, baina bertako harpidetza ordainduz, urtean 11 dolar.

Esan bezala, social bookmarking-aren aitzindari izan zen Delicious. 2005ean Yahook erosi zuen 15-30 milioi eurotan. Urteen joan-etorriarekin, zerbitzuaren gainbehera hasi zen eta azken 5 urteotan eskurik esku igaor da. Zerbitzua YouTube produktuaren fundatzaileek hartu zuten 2011. urtean, baina berriro saldu zuten 2014an (Science, Inc. taldeari). Horiek Delicious Mediari saldu zioten 2016an, eta orain Pinboardek erosi du, 35.000 dolar eskasean.

Zer lortuko du honekin Pinboardek? Zergatik erosi du dagoeneko hilzorian dagoen proiektu bat? Erosketa honekin, Deliciousi geratzen zaizkion azkenengo erabiltzaileak "erosi" nahiko ditu Pinboardek, eta horko batzuk Pinboardeko harpidedun egiten saiatuko da (urteko 11 dolarreko harpidetza dauka Pinboardek). Izan ere, oraindik ere milaka kontu ditu Deliciousek, eta milioika eta milioika esteka ditu gordeta bere artxiboetan. 35.000 dolarreko erosketa hori amortizatzeko moduan izango da, ziurrenik, Pinboard.

 

...............

Irudia: Fayerwayer.

 

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu