Espazioko gaien zalea bazara, Keeptrack Space aplikazioa gustatuko zaizu. Gure planetaren inguruan jira-biraka dauden satelite artifizial guztien orbita eta informazioa aurkituko duzu bertan. Milaka dira, eta guztien informazioa bildu da Keeptrack webgune eta aplikazioan.
Keeptrack webgunera sartu eta lehenengo begiratuan gehien harrituko gaituena zera da: zenbat satelite ditugun gure buruen gainean! Komunikaziorako erabiltzen direnak, meteorologikoak, militarrak, espazioaren ikerketara bideratutakoa,... Milaka satelite ari dira etengabe gure buruen gainean itzulika, horien artean, "zabor espaziala" osatzen duten milaka satelite zahar eta ez-operatibo.
Satelite-amaraun handi horretan murgildu eta bilaketak egiteko aukera eskaintzen digu aplikazioak. Herrialdeka ikus ditzakezu, adibidez (frantziarrak, txinatarrak, errusiarrak,...); edo funtzio motaren arabera (GPS sistemakoak, irrati-sateliteak, Glonass motakoak, Galileo europarra,...). Satelite militar guztiak ote dauden, horixe da daukagun zalantza.
Gainera, estazio espazialak ere aurkituko ditugu Keeptracken: bai Nazioarteko Espazio Estazioa, zein Tiangong-2 txinatarra.
Bakoitzaren gainean klik eginda, bere orbita ikusi dezakegu eta satelite horren fitxa zabala. Uneoro non dagoen ere ikusi dezakegu, eta norantz (eta ze abiaduratan) ari den mugitzen. Horretaz gain, webguneak beste informazio mordoa ere eskaintzen du sateliteen munduaz: albisteak, hurrengo jaurtiketak, eta abar.
Webgunearen egile eta arduraduna Theodore Kruczek da, James Yoderen lan batean oinarrituta. Proiektua githuben dago eta kode irekikoa da.
Erantzun
Sartu