Teknologia albisteak

Txillardegiren obra osoa digitalizatu eta sareratu du Jakinek

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-05-24 : 09:19

Atzo aurkeztu zuen Jakinek Txillardegiren lanaren digitalizazioaren proiektua. Azken 3 urteotan Txillardegiren lan osoa digitalizatu du eta sarean jarri du ikusgai. Euskal pentsalari handi baten lana, Euskal Herriko historian leku berezia duen hizkuntzalari, eragile eta idazlea baita Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi (Donostia, 1929-2012). Obra oparoa, kopuruz nola edukiz. Euskara, soziolinguistika, hizkuntza minorizatuak, sozialismoa, existentzialismoa, nazio arazoa eta beste hainbat gai lantzen baitira Txillardegiren obran. Lan guztiak denon eskura sareko atari honetan.

Hiru urte eman ditu Jakinek Txillardegiren lan osoa digitalizatzen, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren eta Jakin Fundazioaren arteko hitzarmenari esker gauzatu ahal izan da digitalizazioa. Guztira, 1.984 idazlan eta 23.591 orrialde digitalizatu dira. Horietatik 1.634 idazlan dira Txillardegik berak 55 urtez idatzi eta argitaratutakoak.

Aurreneko dokumentu digitalizatuak 1956koak dira, Egan, Euskera eta Euzko Gogoa aldizkarietan argitaratutako artikuluak. Dokumenturik berrienak, aldiz, 2010-11koak dira, Hizpide eta Argia aldizkarietan idatzitako artikuluak. Gainerako 350 argitalpen digitalizatuak Txillardegiri egindako elkarrizketak, edota bere obraren inguruko azterlanak, erreseinak eta bestelako idazlanak dira. 

Obra oparoa, kopuruz nola edukiz, beraz. Euskara, soziolinguistika, hizkuntza minorizatuak, sozialismoa, existentzialismoa, nazio arazoa eta beste hainbat gai lantzen baitira Txillardegiren obran. Guztiak denon eskura sareko atari honetan.

Hona hemen atzoko aurkezpena: 

 

Digitalizatutako lana

Txillardegiren 1.634 idazlanak zazpi multzotan sailkatu dira:

  • Liburuak: 40
  • Liburu zatiak: 173
  • Artikuluak: 1.352 (44 egunkari eta aldizkaritatik ateratakoak)
  • Itzulpenak: 46
  • Editorea / Zuzendaria / Zuzentzailea: 8
  • Berredizioak: 10
  • Bereziak: 5

 Txillardegiren ekarpena

Euskal Herriko historian leku berezia duen pentsalari, hizkuntzalari, eragile eta idazlea da Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi (Donostia, 1929-2012). '56ko berpizkundea' dei dezakegun garaiko seme eta eragilea izan zen, eta euskararen estandarizazioan, euskal kulturaren modernizazioan, eta nazioaren eta hizkuntzaren arteko loturaren ikuspegian aitzindari izan zen Euskal Herrian, politikaren nahiz kulturaren esparruan. Txillardegi «XX. mende erdi hartako une gurutzealetan Euskal Herriak behar zuen gizona» izan zela dio Joxe Azurmendi pentsalariak.

Izan ere, euskararen zentralitatearen diskurtsoa hizkuntzaren filosofiaren bitartez garatu zuen Txillardegik, eta hizkuntza herri identitatearen eta eraikuntzaren erdigunean jarri zuen. Euskarak egiten gaituela euskaldun zioen Txillardegik, euskara herrigintzaren eta kulturgintzaren ardatz hartuta.

Horregatik, Euskal Herriaren lurralde batasuna hizkuntza batasunetik hasten dela sinetsita, hizkuntza estandarraren lehen sustatzailea izan zen. 1964ko Euskaltzaindiaren Baionako Biltzarrean berak proposatu zituen euskara estandarizatzeko aurreneko neurriak. Eta euskal kultura modernizazio bidean paratu zuen. Horren adibide da Leturiaren egunkari ezkutua (1957), euskarazko lehen eleberri modernoa. Lan aitzindari horrekin Europako mugimendu existentzialistarekin lotu zuen euskal literatura, eta ordura arteko ohitura-nobelarekin apurtu zuen. Ildo beretik jarraituko zuen Peru Leartzako (1959) eta Elsa Scheelen (1969) eleberrietan.

Txillardegiren obra oparoa bezain anitza da, beraz. Kopuruz nahiz edukiz, pentsalari nahiz aktibista bezala. Izan ere, diskurtsoaren eta eragiletzaren artean etengabe egin zuen dantza Txillardegik. Pentsatuz bezainbeste arituz. Euskal Herrian Euskaraz taldearen sortzaile izan zen, esaterako, eta UEUko kidea hasiera-hasieratik. Esparru politikoan ere ibilbide luzea du: Ekin eta ETAren sortzaile, ESB alderdiaren fundatzaile, HBko senatari eta mahai nazionaleko kide, Aralar alderdiaren jarraitzaile eta EAE-ANVko zerrendetako hautagai izan zen, besteak beste.

Konpromisoa eta aitzindaritasuna dira horregatik Txillardegiren ezaugarri nagusiak, politikan abertzaletasun klasikoari abertzaletasun berria ekarriz, pentsamenduan existentzialismoa euskal letretara ekarriz, ideologian sozialismoa eta abertzaletasuna elkarrekin eta askatasunarekin uztartuz, nobelagintzan, saiogintzan; hitz batean, landu zituen alor gehienetan berritzailea izan zen Txillardegi. Beti iparrorratz berari segituz, helburu bakarrarekin: euskararen eta herriaren alde egitea.

 

 

Erantzun

Sartu