Teknologia albisteak

Afrikako konpainia bat 30 euroko smartphoneak egiten hasi da

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-05-09 : 09:57

Hegoafrikako Onyx enpresak iragarri duenez, smartphone merke-merkeak ekoizten hasiko da datozen asteotan. Smartphone hori Android soil eta garden bat izango da, Afrikako hainbat hizkuntzatan funtzionatuko du, eta 30 euroan salduko dute. Afrika da smartphone gutxien dituen kontinentea baina, era berean, baita hazkunde-aukera handienak dituena ere. 

Onyxek iragarri duenez, dagoeneko egin dituzte lehenengo probak, eta laster hasiko dute smartphone berri horien ekoizpen industriala. Afrikan egindako lehenengo smartphonea izango da, Hegoafrikan hain zuzen ere, eta gailuaren ezaugarri nagusien artean bere salneurria dago, 30 euroan salduko baitute.

Konpainiak 11 milioi euroko inbertsioa jaso zuen 2016an egitasmo honi ekiteko. 

Prezioa oso merkea izango bada ere, ez pentsa gailu kaskarrak izango direnik. 1GB RAM, 8GB ROM, eta 1.3GHz quad core prozesatzailea izango ditu, argazki kamera bi izango ditu (atzean eta aurrean), eta azkenengo Android bertsioarekin funtzionatuko du, Android 7 Nougat-ekin.

Android bertsio horren ezaugarrietan ere badu berezitasunik gailuak, Android "garbi" bat izango baita, jatorrizko inolako aplikaziorik gabe etorriko dena, huts-hutsik. Gailua huts-hutsik etortzeak tokia uzten die hizkuntza-paketeak instalatzeko. Horrela, gailua Afrikako zenbait hizkuntzatan erabili ahalko da. Gainera, bateria-gastua ere ahalik eta baxuena izan dadin saiatu dira, bateria-karga ere muga bat izan baitaiteke Afrikako zenbait lekutan.

Gorago esan bezala, Afrika da smartphone gutxien dituen kontinentea, baina baita hazkuntza-aukera handienak dituena ere. Smartphone honi esker, espero da gailuen merkatua bizkortzea, Afrikara inbertsio berriak ekartzea, 3G eta 4G konexioak hobetzea eta, azken batean, urte gutxiren buruan Afrika ere teknologia berrien "lehenengo mailara" hurbiltzea, bederen. 

 

Erantzun

Sartu