Teknologia albisteak

Elon Musk-en ekimen berria: lurpeko errepide-sare erraldoia trafiko arazoak konpontzeko

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-05-04 : 11:12

Elon Musk ezaguna da hainbat proiektu berritzaile bultzatu dituelako azken urteetan. Tesla (kotxe elektriko autonomoa) eta SpaceX (espazio-agentzia pribatua) izango dira ezagunenak. Orain beste ekimen bat jarri du martxan: The Boring Company (hitz joko bat da, literalki "zulaketa-enpresa", baina baita "enpresa aspergarria" ere). Lur-azpiko errepide sare bat sortu nahi du, oraingo trafiko arazoak sahiesteko.

The Boring Company dagoeneko sortuta dago, 2016ko abenduan sortu zuen Muskek. Enpresa berri horren helburua da lurrazpian errepide-sare moduko bat sortzea: "hiru dimentsiotako tunel-sarea, nahi adina geruzatan handitu daitekeena". Gaur-gaurkoz ideia bitxia eta burutzen zaila dirudien arren, hona hemen hobeto ulertzen lagunduko dizun bideoa:

Bideo hori joan zen asteko TED hitzaldi batean eman zuen ezagutzera Elon Muskek. Bertan aipatzen du nola iritsi den tunel-sare honen ideia lantzera. Musk-ek ez du sinesten kotxe-hegalarietan (Uber enpresak duela gutxi iragarritako egitasmoa); egokiagoa ikusten du kotxeen joan-etorria lurrazpian egitea. Gainera, lurrazpian hainbat tunel-geruza landu daitezke (nahi beste), 3 dimentsiotako sarea osatuz. Tunel hauetara igogailu moduko batzuk erabiliz sartu eta irtengo lirateke kotxeak.

Tunelak egitea oso garestia da gaur egun, eta horixe da une honetan konpainia berriaren erronka nagusia: zulaketa-kostuak murriztea. Dagoeneko hasi dira lehenengo tunelak egiten eta zulaketa-sistemak probatzen.

TED hitzaldi horretan bertan bere beste proiektuen etorkizuna izan du hizpide Muskek: Tesla 3 modeloa uztailean ekoizten hastea espero duela, euren kotxea gai izango dela urte amaierarako Los Angelesetik New Yorkera modu autonomoan joateko, SpaceX espazio-agentziarekin beste planeta batzuetara joateko duen bisioa eta abar:

Erantzun

Sartu