Teknologia albisteak

Nafarroako euskalkien hiztegien bilatzaile lexikoa sarean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-03-29 : 09:37

Euskararen Nafar Institutuaren ekimenez, Nafarroako euskalkien hiztegien bilatzailea garatu du UZEIk, eta sarean duzue eskuragarri. Erreminta honen bidez, Nafarroako euskalkien hiztegiak kontsulta daitezke. 

Une honetan hiru hiztegitako materialaren aurka egin daitezke bilaketak: "Baztango mintzoa" (Pello Salaburu eta Maite Lakar), "Erroibarko eta Esteribarko Hiztegia" (Orreaga Ibarra) eta "Lizarraga Ergoieneko Euskara" (Javi Navarro, Jose Navarro eta Mari Lurdes Andueza).

Hiru hiztegiok digitalizatu eta egituratu ondoren, bilaketarako forma estandarrak ezarri ditu UZEIk. Oraingoz 3 hiztegi horietan bakarrik bilatzen du, eta euskarazko lemak dira bilatzen dituenak. Nafar-hitz helbidean daukazue, Euskarabidearen webgunean.

Nafarroan badira bertako hizkera jaso eta aztertu duten beste dozenaka argitalpen, azken urteotan lan handia egin delako bertako euskalki eta hizkerak jasotzeko. Oraingoz ez dakigu horiek ere, gutxinaka, bilatzaile horretara gehitzeko asmorik ba ote dagoen. (ikus Nafarroako euskalkiaren inguruko liburu eta artikuluan zerrenda Ahotsak proiektuko Euskalkien Liburutegian).

 

Erantzun

Sartu