Teknologia albisteak

Irudi erabat pixelatua ulertu eta berreraikitzeko gai da Google (CSI estilora)

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-03-28 : 10:41

Orain arte telesailetan ikusten genituen horrelakoak: irudi erabat pixelatuak jasotzen zituen kamera batek, eta CSIko poliziak ri-rau lortzen zituen irudi erabat garbiak, ordenagailuan botoi bat sakatze soilarekin. "Hortxe hiltzailearen aurpegia". Orain arte zientzia fikzioa zena, ordea, gero eta gertuago daukagu. Besteak beste, Googlek garatu duen teknologia honi esker. 8*8 pixeleko irudi ziztrin bat hartu, eta benetako irudiaren antzekoa berregiteko gauza da (neurri batean, bederen). 

Googlek irudien inguruko teknologietan urratsak ematen jarraitzen du, dela sateliteko irudi gero eta hobeetan, dela aurpegien errekonozimenduan, dela irudien sailkapen automatikoan,... Berrikuntza horien artean dago Google Brain garapen-proiektuen barruan lantzen ari direna. Kalitate minimo-minimoko irudiak hartzen ditu, eta errealitatea berreraikitzen saiatzen da, nahiko kalitate onarekin, gainera. 

Horretarako, lehenengo, kalitate oneko milaka irudi hartzen ditu eta kalitatez txikitzen ditu. Ondoren, 8*8 pixeleko irudi txiki hori besteekin erkatzen du, eta konparaketa horren ondorioz lortzen du irudi handiago bat "berreraikitzea". Ars Techinica webgunean ematen dituzte datu tekniko zehatzagoak, nahi dituenarentzat.

Garbi utzi behar dena da, softwareak sortzen duen irudi hori, ez dela irudi erreal bat, algoritmo baten bidez errealitatetik ahalik eta hurbilen dagoen irudi asmatu bat baizik. Probabilistikoki, errealitatetik ahalik eta hurbilen egongo den irudi bat, baina ez errealitatea.

Emaitzak, oraindik ere, ez dira perfektuak, noski, baina hemen ikusten dugun moduan, dagoeneko dexente hurbiltzen dira errealitatera. Ezkerrean programari ematen zaion irudi pixelatua; erdian, programak berreraikitakoa; eskuinean, jatorrizko benetako irudia. 

Gero eta hurbilago daukagu, aspaldi-aspalditik telesailek saltzen zigutena: "Enhance!" ;) 

 

Erantzun

Sartu