Teknologia albisteak

Googlek 3D bistak txertatu ditu bere mapetan, tartean Euskal Herrikoak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-03-22 : 12:41

Hasiera batean munduko hiriburu handienetan bakarrik ikusi genezakeena, dagoeneko ia mundu osora zabaldu du Googlek. Google Maps aplikazioan 3D bistak integratu ditu eta Euskal Herria airetik ikusteko aukera ematen digu. Txori-bista Google mapetan. Oraingoz, antza, PC bistan bakarrik eta ez nabigatzaile bertsio guzti-guztietan (bai gehienetan, probatu dugunaren arabera). 

Googleren mapen erreminta, GMaps, gero eta potenteagoa da. Teknologiak urrats berriak eman ahala, gero eta errazagoa da aireko irudiak ateratzea (dela dron bidez, dela satelite bidez,...) eta Googleren mapen aplikazioan aurkituko ditugun irudiak ere gero eta zehatzagoak eta ikusgarriagoak dira. Mapen aplikazioetan azkenaldian egin duten hobekuntzen artean dago, esate baterako, 3D bistak ere bertan integratzea, Google Earth estilora.

Hasiera batean munduko hiriburu nagusienetan bakarrik zegoen eskuragarri 3D bista hori (Ameriketako eta Europako hiriburu handienetan); baina gutxinaka-gutxinaka beste lurraldeetara ere zabaldu dute aukera hori, eta dagoeneko Euskal Herria ere ikusi dezakegu txori bista tridimentsional horrekin. 

Hala daude gure hiri eta hiriburuak, esate baterako (ez oraindik herriak). Hona hemen Donostia nola ikusi dezakegun.

Eta, beharbada, oraindik eta ikusgarriagoa da gure mendiak nola ikusten diren Google Mapseko 3D aukera klikatuz gero. Adibiderako, hementxe dituzue Anboto eta Udalatx inguruak; atzerago Gorbeia. 

Hurrengo honetan, berriz, Txindoki/Larrunarri tontorra, eta bere atzean Aralar osoa.

Bista horiek aktibatzeko, nahikoa da Google Maps erabiltzen ari garen bitartean 3D botoia sakatzea. Hemen Googlek berak ematen dituen argibideak. Esan bezala, oraindik ez dago eskuragarri nabigatzaile bertsio guzti-guztietan, baina bai gehienetan. Mugikorrean, ostera, zuzenean Google Earth aplikazioa instalatzeko esaten dizu. Probatu, eta egin hegan gure mendi-lurren gainetik. Hemen itsatsi ditugun irudiak baino ikusgarriagoak dira ordenagailuan nabigatzen lortzen direnak eta mugimendu sentsazio hori.

Erantzun

Sartu