Teknofiloen albistegia

Armintxeko leizea: Paleolitoko artearen erakusgarri; arazoz inguratua

Erabiltzailearen aurpegia
ADES espeleologia taldea
2017-03-16 : 09:56

Armintxe (Arbintze, Arbaza, Arbiatx) Lekeition (Bizkaia) dagoen haitzuloa da. Lekeitioko herriaren azpian dago, eta hainbat etxe daude kobazuloaren gainean eraikita. 2016ko maiatzaren 1ean labar-artea aurkitu zen bertan: gutxienez 18 zaldi, bost kaprino, bi bisonte, gutxienez bi lehoi eta hainbat animalia lauhankako. Armintxeko labar-arte multzo deigarriak, eskualdeko besteekin batera, Lea ibarra Europa mailako erreferentziazko eskualdea bihurtu dute Paleolitoko artearen arloan. Leizea bera Lekeitioko Larrotegi eta Letraukua auzoak dauden eremuaren azpian dago. Gaur egun zementuz eta bide batekin estalita dago sarrera, baina herriko nagusienei ahoz jasotako lekukotasunei esker, 2016an ADES elkarteko espeleologoek sarrera aurkitu zuten. Iazko maiatzaren 1ean sartu ziren lehenengoz, eta egun horretan bertan aurkitu zuten labar-artearen panela. Artikulu hau Pyrenaica aldizkarirako idatzi dugu (266 zenbakia, 2017ko lehena), eta ondoren ADES elkartearen blogean (zuzenketa batzuekin). Gehigarri bezala, hainbat material inedito aurkeztu dira, besteak beste, galeria desberdinetako argazkiak, eta Armintxeko topografia eguneratua (A3 bertsio osoa, alegia). Besteak beste, Armintxek agerian utzi du administrazioen eta espeleologoen arteko arazo historikoa (70 urtetik honakoa, barrena).

Armintxeko labar-artearen aurkikuntza (Lekeitio)

Lekeitioko herria kareharrizko eremuan kokatua dago, eta bertan hogei harpetik gora katalogatuak daude. Lekeitiarrak betidanik bizi izan dira koba artean: gaur egungoak umetan lurpean jolastu izan duten bezala, duela 14.000 urtekoak ere bertan babesten ziren kanpoko bisonte, hartz eta lehoiengandik. Aurten aurkitutako Armintxeko labar-arte multzo deigarriak, eskualdeko besteekin batera, Lea ibarra Europa mailako erreferentziazko eskualdea bihurtu dute Paleolitoko artearen arloan.

 Armintxeko muinoa XX gizaldi hasieran eta gaur egunean. Irudiak: Lekeitioko Udal Artxiboa / ADES

Detektibe lana

Armintxeko aurkikuntza ez da erraza izan: grabatuak aurkitu baino lehen, harpea bera aurkitu behar izan da; urbanizazio lanen ondorioz desagertua baitzegoen. 

Lehenengo hari soltea 2008an aurkitu genuen udal artxiboan, urei buruzko 1796ko txosten batean: “He estado en la cueba o gruta de Arbiach (Arbiatx, Arbeatx, Arbintze... toponimo beraren aldaerak dira) por la que al parecer corre bastante cantidad de agua, pero a una profundidad tan grande, como que desde el parage donde corre la agua, asta la entrada de la gruta, ai sobre ochenta pies de altura...”. Jendeak kontatzen zigun auzoan kobazulo asko zeudela, eta haietako batek leize handia zuela barruan, ausartenek sokaz jaisten zutena. Gure aurreko GEV-ek ere (Grupo Espeleológico Vizcaíno) 1968an argitaratutako katalogokoan deskribapen horrekin bat zetorren erreferentzia bazuen, 796. zenbakiarekin. Auzotarren esanetan koba-leize hau urte gutxi lehenago desagertu zen: Larrotegi auzotik Letraukuara igotzeko oinezko bidea egitean estali zuten, barruan inolako azterketarik egin barik. 2013an, lekukoetako batek kobazuloa zegoen tokia zehazki seinalatu zigun; bertan, buxatutako galeria baten arrastoak aurkitu genituen. Lekua katalogatu genuen, baina kasu handirik egin gabe: horrelako dozenaka zulo ditugu begiratzeko zain.

Azken urteetan gure eskualdean eginiko aurkikuntzen ostean, ordea, Armintxe inguruko interesa berpiztu zitzaigun. Koban sartzea erabaki genuen; eta zerbait azal zitekeen susmoa genuenez, AGIRI arkeologia elkarteko lagunak gonbidatu genituen. 

Maiatzaren 1eko aurkikuntza

Lan gogorra aurreikusten zenez, jende asko bildu ginen. Lehenengoa lurra, harriak, hormigoi zatiak ateratzea izan zen; pasabide estua irekita, galeria handi baten sabaian agertu ginen, hondakinen piramide erraldoiaren erpinean. Eskuin aldera joanda, leize “beldurgarri” hura ere aurkitu genuen, soka lodi eta guzti. Ezker aldera joanda, berriz, 6-7 tonako Hondakinen Piramidean behera jaitsiz, Erreka Buxatuaren Galeriara ailegatu ginen (ikus mapa topografikoa); zorionez, eskonbroak ez ziren horraino ailegatu eta esplorazioarekin ohi bezala jarraitu ahal izan genuen: lehenengoak, bide posibleak aztertuz eta besteei bidea erakutsiz; hurrengoak, esploratutakoaren topografia eginaz; besteak, galerien argazkiak hartuz; beste batzuek laginak bilduz; besteak, hormak miatuz... Egun horretako jardunak oso ondo adierazten du espeleologoon lan egiteko modua, eta edozein aurkikuntza talde lanaren ondorioa izaten dela. Felix Ruiz de Arkaute espeleologoak ederto laburbildu zuenez, “kate-maila ez da deus: kate osoa da beharrezkoa”.

Aurkikuntzaren unea oso bitxia izan zen, emozio nahastuekin: poza, eta ardura. Lehen unetik konturatu ginen grabatuetako batzuk ezohizkoak zirela. Gutako batzuk grafikoki adierazi duten legez, une hartan batez ere “handik korrika ateratzeko gogoa” sentitu genuen; nolabait, santutegi bat profanatzen ariko bagina bezala. AGIRI-ko arkeologoa bertara eraman genuenean gure usteak berretsi zituen, eta esplorazioa bertan behera uztea erabaki zen; argazkiak hartu eta gero, kontu handiz, kanpora atera ginen. Egun hartan ginen zazpi lagunetatik, gehienak ez gara gela hartara berriro itzuli.

ADES Galeriaren ikuspegia, grabatuen panel nagusitik Galazotako Gelara begira.

Esplorazioa

Shockaren ostean, lanarekin kontu handiz jarraitu beharra zegoen. Egunean bertan hainbat datu jaso genituen, besteak beste euri denboretan Erreka Buxatuaren Galeria urez betetzen zela (kobako sarreratik -1. mailan). Maiatza osoan ez ginen Armintxera bueltatu, Lekeitioko Udalak atea jarri zuen arte. Hortik aurrera, lehenengo bisitak arkeologoekin egin genituen, Panelaren Gelaren lehen azterketa egiteko.

Hortik aurrerako esplorazioetarako protokolo zorrotza ezarri genuen: lana talde txiki batek egingo zuen (bihotzeko minez, ADES-eko hainbat kide kanpoan utzi behar izan genituen); saio bakoitzaren denbora kontrolatuko zen, kobaren sektore bakoitzean pasatutako minutuak zehaztuz; Panelaren Gelara ez zen berriro inor sartuko, espezialistak laguntzera ez bazen (Armintxe esploratzen ari den taldeko kide batzuk ez dute oraindik gela ikusi).

Ekainaren 25ean berrekin genion esploratzeari. Putzuz putzu, -2. mailaraino jaitsi ginen eta, lokatzetan belaunetaraino sartuak, gauza harrigarria aurkitu genuen: presa bat. Zertarako behar da presa bat urez goraino betetzen den solairu batean? Hari muturrak lotzen hasi ginen: presa honen eraikuntza 1796ko txostenaren ondorioa izan zitekeen. Egun berean, Hondo Bako Galerian (-1. mailan, baina eskonbro piramidearen bestaldean) lehen grabatua aurkitu genuen: Zaldi Bakartia, uretatik ozta-oztan libratua (uraren maila horman markatua zegoen), zulo txiki batera begira. Zulo horretatik gela bat ikus zitekeen, eta jarraian galeria bat (ADES Galeria). Unean bertan konturatu ginenez, gela berria Panelaren Gelaren jarraipena zen, eta beraz grabatu gehiago izan zitzakeen. Horretara, hormak eta zorua ez ukitzearren, tentaldiari eutsi eta “gela debekatua” izendatu genuen (Galazotako Gela), esplorazioa arkeologoekin etorri arte atzeratuz. Uste dut anekdota horrek ondo adierazten duela ADES Elkartekoen lan egiteko prozedura.

Zaldi Bakartia eta Galazotako Gelarako sarrera

Grabatuen aurkikuntza bezala, hurrengo esplorazio saioak ere asteburutan egin genituen, gu ez garelako honetatik bizi. Erreferentzia bezala, jakizue Armintxeko espeleologoen artean adreilugilea, hiru suhiltzaile, hojalateroa, sukaldaria, kazetaria, delineantea, bi geografo, abokatua eta  hiru irakasle gaudela. Egun horietan lan asko egin genituen: ur korronteak identifikatzen hasi; haien norabideen anomaliak detektatu; kobaren beste sektoreak esploratu eta topografiatu; aztarnategi paleontologikoak lokalizatu; argazkiak eta bideoak hartu; haize-errota hidrauliko baten arrastoak identifikatu; lagin biologikoak jaso; eta, garrantzitsuena, grabatuak arriskuan jartzen ari den arazo hidrologikoa ikertu. Gainera, Armintxeko azterketa geomorfologikoan ari ginela, beste sorpresa bat hartu genuen: oraingoan, zeharo etsigarria.

Izan ere, abuztuaren 2tik aurrera, Hondo Bako Galeria ere grabatuz beteta zegoela konturatzen hasi ginen. Irudi batzuk bereizteko gai izan baginen ere (gehienak zaldiak), beste irudi asko ezin izan genituen identifikatu: animali zatiak, lerro solteak... Denak inundazio mailaren azpian zeuden, lokatzarekin desitxuratuak; horregatik ez genituen lehen egunetan ikusi. Beraz, aurrerantzean Panelaren Gelan hartutako babes neurriak kobaren sektore honetara zabaldu genituen: aztarnak uste baino ugariagoak dira, eta edozein lekutan ager daitezke. 

Arazoak

Azken esplorazio saioa irailean egin genuen, eta artikulu hau idazteko unean lanak etenda daude, instituzioekin izandako tirabira batzuek tarteko. Arazoaren funtsean afizionatu eta profesional kontzeptuen gaizkiulertua dago; horrelako aurkikuntzen aurrean, espeleologoon papera gutxiesteko joera dago, gure profesionaltasun faltaren aitzakian. Baina kontuan har dezagun karstaren diziplina guztiak biltzen dituen profesionalik ez dagoela. Espezialistek, definizioz, arlo bakarra menperatu ohi dute: karsta ikertzen duten beste diziplinetan ez dira oso trebeak izaten. Egoera tamalgarriak ere ezagutu ditugu honen ondorioz: kobazulo batean lan arkeologikoak hastea, bertako faunari kalte izugarria eginda; edo labar-arte panel bat azken belaunaldiko eskanerrarekin jasotzea, lurzoruko aztarnategia zapalduz eta desitxuratuz. Profesionala izateak, berez, ez baitu lana ondo egitea bermatzen.

Ostera, espeleologo afizionatuen artean karstaren arlo guztietako espezialistak aurkitzen ditugu: izan ogibidez, izan autodidakta bezala, espeleologia taldeetan karstaren inguruan biltzen diren diziplina guztiak batera jorratzeko gaitasuna dugu. Gainera, norbere taldean arlo konkretu bateko espezialistarik ez dagoenean, beste taldeetako geologo, biologo, hidrologo edo arkeologoak etortzen dira azterketan laguntzera. Kolaborazio hauek ohizkoak dira espeleologoen artean, eta emaitzak talde profesionalen parekoak izan daitezke, hobeak ez direnean.

Utz ditzagun baina arazo diplomatikoak alde batera, Armintxen identifikatu ditugun bi arazo nagusiak azaltzeko.

Arazo hidrologikoa

Armintxeko muinoak kareharrizko multzoen egitura mailakatu tipikoa erakusten du: gaur egunean bost solairu ezagutzen ditugu. Zaharrena gorengo mailakoa da, duela ehunka mila urte urak irekia; harria higatu ahala, erreka gero eta beherago jaitsi da. Gaur egunean ur korrontea -4. solairuan aurkitzen dugu, 8 m-tako altueran (itsasoa erreferentziatzat hartuta). Paleolitoan ere horrela zen, eta egoera ez da modu esanguratsuan aldatu duela 200 urte inguru arte.

Armintxeko solairuen eskema

Ikerketa amaitu barik ondorio finkorik atera ezin den arren, urte hauetan arazoa sortu duten hainbat faktore seinalatu ditzakegu: 1800ko presa (uraren ibilbidea geldotuz sedimentazio prozesua hasi zuena); 1950 hamarkadan, hezkuntza eta kirol instalazioen eta Aldamiz-Etxebarria auzunearen eraikuntza (Audijo galeriako erreka agortu zuena); 2000 urtean, Atea kalean obrak (lurrazpiko ubidea estali zutena, eskolen ondoko uholde arazoei hasiera emanaz); 2001ean, Larrotegitik Letraukuarako oinezko bide berria (Erreka Buxatuaren Galeria eskonbroz bete zuena); eta Garavilla Galeria buxatu duten eraso desberdinak (80 hamarkadan Letraukuako dorreen estolderia, eta 2008an garajeen eraikuntza).


Armintxeko uren isurketa puntuak X horiz seinalatuak: naturala (ibaian) eta eskoletako uholdeena. Obrek buxatutako tartea berdez markatua.

Faktore hauen ondorioz, gaur egunean Armintxeko galeria nagusiaren ur-zirkulazioa larriki oztopatua dago; euri denboretan altuera normala gutxienez 20 m-tan gainditzen du. Honek sedimentuen pilaketa-erritmoa areagotzen du, uraren maila Audijo galeriaraino jasoz (15 m) eta, antzinako korrontearen norabidea inbertituta,muinoaren beste aldetik ateraraziz (hauxe da eskola ondoko uholdeen arrazoia). 

Audijo galeria jada sedimentuz betea dagoenez, ur korrontearen abiadura oraindik gehiago jaisten da, sedimentuen pilaketa erritmoa are gehiago jasoz. Gurpil zoro honen amaiera kolapsoa da: galeria erabat ixtea, alegia (beste sektoreetan jada gertatu den bezala). Karst batean urari eustea ezinezkoa denez, zalantza barik erresistentzia gutxiko arrakala edo pitzadurak aurkituko ditu, gutxien uste dugun lekutik atera arte. Hau Lekeitioko herriarendako erruleta errusiarra bezalakoa da, eta kalteak ezin dira aurreikusi: uholdeak, lekuz kanpoko isurketak, luiziak, hondoratzeak...

Ondarearen arazoa

Horraino arazoaren alde hidrologiko hutsa. Arkeologia arlora itzuliz, ondorioak begi-bistakoak dira; 2000 urtera arte, Hondo Bako Galeriako labar-grabatuak Panelaren Gelakoak bezain ongi ikusiko ziren seguraski. Baina Armintxeko kobak izan duen etengabeko eraso urbanistikoen eraginez, uraren maila gero eta gorago igo da eta, gaur egunean, urtero-urtero, Hondo Bako Galeria urpean gelditzen da; ur lohituak daraman lokatza, poliki-poliki, artelanak hondatzen ari da. Egoerari nolabaiteko soluzioa eman ezean definitiboki galduko ditugu, eta ziur aski ura Panelaren Gelako grabatuetaraino ailegatuko da, mundu osoan ospetsu bihurtu diren artelan hauek ere suntsituz.

Inundazio seinaleak -1. mailan (lokatzez estalitako estalaktitak)

Ondorio moduan

Gizakiaren eraginez, Armintxeko labar-grabatuen multzoa desagertzeko zorian dago. Oraindik zati handi bat salba daiteke, urari aterabidea eman ezkero. Halere, horretarako ezinbestekoa da Armintxeko muino osoaren hidrogeologia aztertzea; ADES Elkarteak horretarako borondatea eta gaitasuna du.

Egoera hau negligentzia kate luzearen ondorioa da, eta irakaspen argia ateratzeko erabili beharko genuke: karst batean, edozein obra egin aurretik, azterketa espeleologikoa egin behar dela. Legeak agintzen duen bezala.

Panel Nagusia

*****************************

Oier Gorosabel Larrañaga. ADES espeleologia elkartea.

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu

Publizitatea

Azken erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia
.eus-ena http://www.referendum.eus da, https ga... (PanderetaZalea ||*||)
PuntCat Fundazioak errefere..., 2017-09-18
Erabiltzailearen aurpegia
Pasa den astean, Lakuan, Urruzuno lehiaketaren ... (Gari Berasaluze)
Agur soziala: gizonezkoari ..., 2017-09-12
Aaaaa! Bidaltzeko zerrenda egitean zuek sartzea... (fernando.morillo.grande)
"Sorginetxe istorioak", Fer..., 2017-09-07
Erabiltzailearen aurpegia
Eskerrik asko azalpenengatik, Txopi! (Sustatu.eus)
Software libreko lizentzia ..., 2017-08-10
Erabiltzailearen aurpegia
Kaixo: Artikuluaren lehen esaldiak hau dio: ... (Txopi)
Software libreko lizentzia ..., 2017-08-10

»» Jardun osoa