Teknologia albisteak

Gipuzkoako Foru Aldundiak “Instant1ean” Instagrameko lehiaketaren II. edizioa abiarazi du

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-03-10 : 08:35

Martxoaren 1etik martxan da Instan1ean Instagrameko lehiaketaren II. edizioa. 13-17 urte bitarteko nerabe gipuzkoarrei zuzenduriko ekimen honen helburua irudi baten bidez norberaren bizitzako instant bat azaltzea izango da eta sari ugari banatuko dira parte-hartzaileen artean.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria eta Kirola Zuzendaritzak eta gaztelekuetako hezitzaileek Instant1ean programa sortu dute nerabeekin kultura digitalaren gaia lantzeko. Hainbat tailer eta dinamikaz gain, egitasmo honek Instagrameko lehiaketa bat ere badu. Aurtengoa II. edizioa da eta bere asmoa ikus-entzunezko produkzioen bidez neska-mutilek teknologia ondo erabiltzen dakitela erakustea da.

Instant1ean Instagrameko argazki-bideo lehiaketaren gaia irudi baten bitartez, norberaren bizitzako instant bat azaltzea izango da: gustuko duguna, musika, kirola, nola bizi garen edota gure eguneroko une esanguratsuak zein diren. Egitasmo honetan 13-17 urte bitarteko gazte gipuzkoarrek har dezakete parte eta bakoitzak nahi adina argazki edo bideo aurkez ditzake. Horretarako, egin beharrekoa erraza da:

  1. Norberaren profilaren bitartez, @gipuzkoangazte erabiltzailea edo kontua jarraitu Instagramen.

  2. Argazkia edo bideoa atera eta Instagramera igo.

  3. #Instant1ean + #sareanONdo traolak gehitu.

  4. Irudia deskribatu: “Ni ere #sareanONdo! Eta Zu?” esaldia txertatu hasieran, tartean edo bukaeran.

Sarituak aukeratzeko, epaimahaiak erabiltzaileon laguntza izango du. Izan ere, 10 argazki aukeratuko ditu eta gipuzkoangazte profilera igoko ditu. Bertan nahi duenak botoa eman ahal izango du. Atsegite gehien dituzten 3 argazkiak izango dira sarituak. Bideoen kasuan, aldiz, epaimahaiak zuzenean aukeratuko du irabazlea.

Sariak honako hauek izango dira:

  • Argazki onena
    • Banakakoa:
      • 2 plaza Gazte Oporraldiak programan Menorkara joateko.
      • 300 €-ko txartela gailu teknologikoetan gastatzeko.
      • 150 €-ko txartela gailu teknologikoetan gastatzeko.
    • Taldekoa: Gazteleku onenaren taldeko saria.
    • Sari bereziak: epaimahaiaren bi aipamen berezi eta 50 €-ko txartela gailu teknologikoetan gastatzeko.
  • Bideo onena: bideo onenarentzako saria. 250 €-ko txartela gailu teknologikoetan gastatzeko.

Horretaz gain, parte hartzaile guztien artean zozketak izango dira lehiaketa guztian zehar.

Instant1ean lehiaketan parte hartzeko epea martxoaren 1ean ireki zen eta maiatzaren 7ra arte egongo da zabalik.

Instant batean programa

Instant1ean Gipuzkoako nerabeen artean teknologia berrien arriskuak ekiditeko programa da. Egitasmoa Foru Aldundiko Gazteria zuzendaritzak eta Gipuzkoako gaztelekuek bultzatu dute, elkarlanean, nerabeekin batera iritzi kritikoa eta eztabaida prozesuak sustatzeko. Instant batean proiektuaren azken helburua da gazteok teknologiaren erabilerari dagozkion portaera eta jarrera egokiak barneratzea, Interneten ondo nola jokatu ikasi, eta sarean norberaren eskubideak eta betebeharrak zein diren argitzea.

Proiektu zabala da eta hainbat alderdi ditu: gaiari buruzko hitzaldiak, nerabeekin lantzeko tailerrak, www.gipuzkoangazte.eus webgunean atal propioa, eta baita azaldu dugun Instagrameko lehiaketa ere.

Erantzun

Sartu