Teknologia albisteak

Euskal gaiak eta zinea, Euskadiko Filmategiaren zikloa martxoan

Erabiltzailearen aurpegia
Euskadiko Filmategia
2017-03-09 : 08:27

Euskadiko Filmategiak, Punto de Vista Jaialdiarekin eta EKE Euskal Kultur Erakundearekin elkarlanean, euskal gaien inguruko lau emanaldi antolatu ditu martxorako, eta tartean zenbait film ezezagun proiektatuko ditu. Zikloa, batik bat Iparraldean errodatutako pelikuletan oinarritutako da. Proiekzioak martxoaren 9 (gaur hasten da beraz, ostegunarekin), 16, 23 eta 30ean iraganen dira arratseko 7etan, Donostiako Tabakaleran.

Gaurko lehen emanaldian, honako filmak proiektatuko ditugu: Lumière anaien lan bat  (Rochers de la vierge, 1896); René Coiffardek eta Louis Dellucek zuzendutako film luze mutua (Le chemin d’Ernoa, 1921), Philippe de Ezcurraren zuzeneko musikarekin, eta soinudun zinemaren hastapenetako pelikula bat, Au pays des Basques (Maurice Champreux, 1930), euskaraz lehen aldiz entzun zen filma, hain zuzen. Saio hau Frank Suarez Euskal Kultur Erakundeko Egitasmo arduradunak aurkeztuko du.

Oskar Alegria Punto de Vista jaialdiko zuzendariak martxoaren 16ko saioa aurkeztuko du. Bertan, Garazi (Jacques Krier eta Jean-Claude Bergeret, 1959) eta The basques of Santazi (Leslie Woodhead eta Sandra Ott, 1987) filmak proiektatuko ditugu.

Martxoaren 23an, Loraldiaren eta UPV/EHUren laguntzari esker, Donostian lehen aldiz proiektatuko dira Josu Martínez eta Argibel Euba ikertzaileek hurrenez hurren aurkitutako Euskadi (René Le Hénaff, 1936), eta Basker eta Bonde i Baskerland (Dan Grenholm eta Lennart Olson, 1963) filmak. Azken urteotan Euskal Herriaren inguruan zineman egindako aurkikuntza garrantzitsuenetarikoak dira bi ikertzaileek aurkeztuko dituzten hiru filmak. Euskadi (1936), gainera, Louis Lumière zinematografoaren sortzaileak garatutako erliebearen teknika erabilita dago egina. Bestalde, Grenholm eta Olson erreportari suediarrek orain dela mende erdi irudikatutako garaiko jendea eta euskal ohiturak ikusi ahal izango dira.

Azkenik, Hubert Knappen bi pelikulekin itxiko dugu hilabetea: Croquis en Soule (1958) eta Le curé basque de Gréciette (1958). Telebistarako egindako filmak izan arren, zalantzarik gabeko arima zinematografikoa dute. Apirilean euskal gaien inguruko programazioarekin jarraituko du, baina Iparraldea ez da izango ardatz bakarra.

Informazio gehiago:

Erantzun

Sartu