Teknologia albisteak

BraiBook: liburu digitalak braillean irakurtzeko gailu berria

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-03-09 : 10:14

Azken urteotan izugarri hedatu dira eReaderrak, liburu elektronikoak irakurtzeko gailuak. Irakurgailu digitalen eskaintza gero eta zabalagoa eta hobea da. Baina hori ez da horrela itsuentzat egokitutako gailuetan. Hau da, liburu elektronikoak braillean irakurtzeko modua eskaintzen duten gailuetan. Hori konpontzeko asmoz sortu dute BraiBook, dokumentu digitalak braillez irakurtzeko gailua. Oraingoz prototipoa besterik ez da. Ondo bidean, laster merkaturatzeko asmoa dute eta 300 eurotik beherako prezioan saltzeko asmoa dute.

BraiBook gailu txiki bat da. Neurriz bederen. Irakurketa-eremu txiki bat dauka, eta eremu horretan hizkiak azaltzen dira, bata bestearen ostean. Atzamarra bertan jarriz irakurtzen dira testuak. Konfiguratu egin daiteke, besteak beste irakurketa-abiadura mantsotuz edo bizkortuz.

Proiektuak dagoeneko baditu pare bat urte, eta prototipo bat garatzea lortu dute. Une honetan, finantziazio bila dabiltza produktua merkaturatu ahal izateko. Equity Crowdfunding plataforma baten bidez egin dute deialdia, dirua lortu eta proiektua aurrera ateratzeko. 

Ondo bidean, eta gutxieneko finantziazioa lortzen badute, 300 eurotan saltzeko asmoa dute. Proiektu honekin aurre egin nahi diote gaur egungo egoerari, braille alfabetoan dauden liburuen eskaintza oso murritza eta garestia delako. Gailu berriak, gainera, braillean irakurtzen ikasteko aukera eskainiko du, gaur egun, oraindik ere, gutxi baitira ikusmen-urritasunen bat izan arren braillez irakurtzen dakiten herritarrak.

Hona hemen kanpainaren promozio-bideoa (gaztelaniaz):

Erantzun

Sartu