Teknologia albisteak

SnapChat burtsan kotizatzen hasi da, %44ko igoerarekin

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-03-03 : 10:10

Atzotik burtsan kotizatzen du Snap-ek, SnapChat aplikazioaren atzean dagoen enpresak. Gazteenen artean bolo-bolo dabilen aplikazioaren lehenengo eguna oso ona izan zen. %44ko igoera izan zuen eta 24,5 dolarretan geratu zen bere balio. Bere kapitalizazioa eBay-ren pare geratu zen eta Twitterrena baino hiru aldiz handiago, nahiz eta SnapChatek, oraindik ere, irabaziak baino galera gehiago dituen. 

Alibabaren estreinalditik (2014ko irailean), hauxe da burtsa-sarrera arrakastatsuena azken 2 urteotan. Aurreneko negoziazio-orduan tituluek %47ko igoera izan zuten eta 100 milioi akzio aldatu ziren eskuz. Uneren batean %52ko igoera ere izan zuten akzioek. Guztira 200 milioi akzio merkaturatu ziren, 17 dolarreko irteera-prezioarekin. 

Atzoko egunak 3.400 milioi dolarreko likidezia ekarri die jabeei. Ondo ere ondo etorriko zaie euren konpetentzia zuzena diren Facebook eta Twitterri aurre egiteko. Une honetan SnapChatek 158 milioi erabiltzaile ditu eguneko eta 2.500 milioi mezu argitaratzen dira eguneko. Konpainiaren asmoa da 2017an kopuru horiek bikoiztea. 

Enpresa teknologikoen artean aurreikuspenik onenak dituen enpresetako bat da SnapChat, Instagramekin batera. Hala ere, oraindik ere galerak ditu eta horixe izango da datozen hilabeteetako erronka nagusia arduradunentzat: irabaziak lortzen hastea eta inbertsoreei erakustea euren dirua ondo erabili dutela. 

Argazkia: Tn.com.ar.

Erantzun

Sartu