Teknologia albisteak

Norvegia munduko lehenengo herrialdea FM irratia itzaltzen eta digitalerantz bideratzen

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-01-12 : 09:08

Norvegia izango da munduko lehenengo herrialdea FM irrati sarea itzali eta irrati digitalaren bidez ordezkatuko duena. Gaurtik aurrera, dagoeneko Nordland lurraldeko FM sare osoa kentzen hasiko dira eta irratia sistema digitalean bitartez bakarrik entzun ahal izango da. Norvegiako gobernuak jakinarazi duenez, sare digitala merkeagoa da eta, gainera, askoz egokiagoa Norvegia bezalako lurralde zabal eta menditsu baterako. Soinu kalitate hobea lortuko da eta diru asko aurreztuko da, nahiz eta hasiera batean sortuko dituen arazoak ere dexentekoak izan.

FM irrati sistema, Frekuentzia Modulatua, 1933. urtean jarri zuten martxan Estatu Batuetan eta berehala hedatu zen munduko txoko guztietara, besteak beste, aurretik zegoen AM sistemak baino askoz soinu-kalitate hobea ematen zuelako. Baina garai berriak ere badatoz, gaur egun dena da digitala, eta oraingoan irrati digitala (DAB, Digital Audio Broadcasting) da FM irratia alboratuko duena. 

Izan ere, Norvegia izango da munduko lehenengo herrialdea, FM irrati sistema kendu eta irrati-sare digitalarekin ordezkatuko duena. Beste herrialde batzuek ere esan dute FM sarea itzaltzen hasiko direla; esate baterako, Suitzak 2020. urterako iragarri du. Duela urte batzuk Euskal Herrian telebista digital eta analogikoarekin gertatutakoaren antzera (emisio analogikoak itzaltzen joan zirela), orain irratiarekin hasiko dute Norvegian. Gurera ere, berandu baino lehenago iritsiko zaigu aldaketa, egon ziur.

Norvegiak 2011. urtean hartu zuen erabakia eta 2015ean jarri zitzaion data: 2017ko urtarrila. Eta gaur bertan hasiko da FM sarea itzaltzen eta irrati digitalaren bidez ordezkatzen Nordland lurraldean, Norvegia iparraldean, mendiz eta fiordoz betetako lurraldean.

Norvegiako Gobernuak iragarri duenez, irrati digitala askoz egokiagoa da Norvegia bezalako lurralde zabal eta menditsu baterako. Soinu kalitate hobea ere lortuko da eta, gainera, dirua aurreztuko da (30 milioi euro urteko). Hortaz, FM seinalea bidaltzen duten sare zaharrak itzaltzen joango dira eta ez dira hemendik aurrera gehiago berrituko. Horien ordez, sistema digital berriagoak, eraginkorragoak eta merkeagoak instalatuko dituzte.

Dena ez da abantaila izango ordea. Arazoak ere sortuko ditu, batez ere hasiera honetan. Besteak beste, norvegiarren etxeetan dauden 8 milioi irrati ez daude prest seinale digitala jasotzeko eta autoen irratietako %20 bakarrik da egokia seinale digitala jasotzeko. Horrek kexak sortu ditu herritarren artean eta, inkesta baten arabera, populazioaren %60 aldaketaren aurka dago (eta %17 bakarrik alde). Hortaz, gurean orain dela gutxi telebista digitalaren etorrerarekin gertatu bezala, gailu zaharrak ordezkatzen joan beharko dira gutxika-gutxika eta aldaketak 150 euroko gastua izango du, bataz beste, herritar bakoitzarentzat.

Erantzun

Sartu