Ibone Bengoetxeak, Bizkaiko Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatuak, foru erakundearen Bizkaia.eus webgune berria aurkeztu zuen joan den astean. Webgune horrek ez ditu bakarrik diseinuaren inguruko aldaketak egin; horrez gain, edukiak antolatzerakoan, ez du kontuan izan Foru Aldundiaren sailen barne antolaketa, baizik eta herritarren ikuspegia.
"Diseinatzerakoan, pertsonengandik hurbilago egotea eta pertsonei gauzak erraztea izan dugu jomuga. Bizkaiko Foru Aldundiarekin webgunearen bidez daukaten harremana atsegina, erraza eta batez ere baliagarria izatea nahi dugu", azpimarratu du Ibone Bengoetxeak. Helburu horrekin, webgune berriak bilatzen duen xedea da herritarrak Aldundiarengandik behar duena erraz eta intuitiboki aurkitzea. "Pertsonek ez dute zertan jakin zein sailetan bilatu behar duten edo webgunearen zein ataletan dagoen eurek bilatzen dutena. Bilatzen dutena azkar aurkitzea da eurek nahi dutena, eta horixe da webgune berriak eskaintzen diena", gaineratu du Bengoetxeak.
Zentzu horretan, Aldundiaren webgunearen diseinu berriak sailkapen tematiko berri bat dauka, bloke hauekin: aurrekontua eta kontu publikoak; enpresak, nazioartekotzea eta enplegua; familia, berdintasuna eta gizarteratzea; foru ogasuna; iraunkortasuna eta lurraldea; kirola; euskara eta kultura; mugikortasuna eta garraioa; nekazaritza eta abeltzaintza; turismoa eta aisia; eta udalerriak.
Webgune paralelo batean, eBizkaie.eus, herritarrek Foru Aldundiarekin egin ditzaketen izapide guztiak bildu dira, besteak beste bekak, diru-laguntzak, ordainketak edo kontratugilearen profila. Modu berean, Aldundia izeneko atala mantendu dugu, informazio instituzionalarekin, eta Bizkaiko Foru Aldundia osatzen duten sail guztiek txoko bana daukate bertan.
"Gure Bizkaia" atalean, informazioa eta proposamenak dibulgaziozko ikuspuntutik eskainiko dira, Aldundiak eremu ezberdinetan egiten duen lana azaltzeko, neurri handi batean ezezagunagoak direnak. Horrez gain, herritarrei arreta emateko atala ere badago; eta prentsaren arloan berriak, agenda eta ikus-entzunezko baliabideak eskaintzen dira.
"Gaur hemen aurkeztuko duguna proiektu handiago baten lehenengo fasea da, hazteko eta herritarren beharrizanei egokitzeko asmoz jaioa dena", adierazi du Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatuak. "Lehenengo fase honetan, herritarren eskaerari erantzuten saiatu gara, edukiak errazago eta azkarrago aurkitu ahal ditzaten, eta lehen geneukan webgunearen edukien egitura eta itxura berriztatu ditugu, duela 10 urte martxan jarri zenetik oso zaharkituta geratu baita. Hori guztia, bi helbururi begira: izapideak erraztea zein herritarrengandik hurbilago egotea, bai eta aldundiak garatzen dituen beste zerbitzu edo jardueren berri ematea ere", nabarmendu du Bengoetxeak.
Bizkaiko Foru Aldundiaren webguneak 8.200.000 bisita ditu hilero eta edukiak jasaten dituen tresna teknologikoa iturri irekietan oinarritutako teknologian garatu da.
Aldundiak Interneten duen tokia erabat osatuko du sare sozialetan egoteko estrategia baten bitartez "izan ere, argi daukagu Bizkaiko Foru Aldundia jendea dagoen lekuan, bizkaitarrak dauden tokian, egon behar dela", azpimarratu du Ibone Bengoetxeak. "Hori dela eta kanal berriak ireki ditugu sare sozialetan eta bakoitzari dagokion talde edo kolektiboaren logikarekin egin dugu, webgunean bezala, Aldundiaren sailen egitura edo barne antolaketa gaindituz.
Hauexek dira, sare sozialei dagokienez, Twitterren dauden kanal berriak:
"Kolektibo eta talde horiek oso garrantzitsuak dira guretzat. Gazteak, ekintzaileak eta enpresak, gizarteari eta kulturari lotutako edukiak eskainiko dituzten kanalak, eta kanal instituzionala bera ditut gogoan hau esatean", esan du Bengoetxeak.
Erantzun
Sartu