Teknologia albisteak

Ikuska saila gogoratuz

Erabiltzailearen aurpegia
Euskadiko Filmategia
2016-11-30 : 15:51

Euskadiko Filmategiak IKUSKA saila osatu zuten filmeen proiekzioa egingo du abenduaren 1ean Tabakalerako 1 zinema aretoan (Donostia). EKHEk egin duen IKUSKA sailaren DVDen edizioaren aurkezpenarekin bat etorrita, euskal zinematografiarentzat horren garrantzitsuak izan diren film hauek erakutsiko ditu.

Abenduaren 1eko proiekzioan IKUSKA sailean parte hartu zuten bederatzi zuzendari izango dira eta haiek zuzendutako filmak aurkeztuko dituzte.

Javier Aguirresarobe, Montxo Armendáriz, José Julián Baquedano, Juanba Berasategi, José Luis Egea, Iñaki Eizmendi, Juanmi Gutiérrez, Mirentxu Loyarte, Pedro Olea eta Imanol Uribe izango dira ostegunean, abenduaren 1eko emanaldian. Garai haietako bizipenez eta Antxon Ezeizak koordinatu zuen proiektu honetaz luze eta zabal aritzeko aukera izango dute, 18:00etan, Tabakalerako Z aretoan egingo duten solasaldian. Donostia Zinemaldiko zuzendariorde eta Antxon Ezeizari buruz tesi doktorala egin duen Maialen Belokik moderatuko du solasaldi hau.

19:00etan, hamar IKUSKA proiektatuko dira Tabakalerako 1 zinema aretoan. Etorriko diren bederatzi zuzendariek egindakoak eta Antxon Ezeizak egindako 20. alea, sail guztiaren laburpena dena, alegia.

1979tik 1984. urtera bitartean errodatu ziren 21 film labur horiek euskaraz egindako zinema industria baten sorrera izateko egin ziren. Filmeen kredituei erreparatzen bazaie, sekulako izen garrantzitsuen zerrenda aurki daiteke. Euskadiko Filmategiak aspalditik zuen IKUSKA saila zaharberritu eta herritarrei zabaltzeko proiektua. Honela, film hauek negatiboetatik Filmoteca Españolak egindako kopia analogiko berri batzuk bereizmen handian digitalizatu dira EKHErekin elkarlanean. EKHEK eta GARA egunkariak DVD-liburu bat kaleratu du sail osoarekin salgai jarriko dutena. Modu honetan, euskal zinemagintzaren proiektu garrantzitsuenetako bat kalitate handian ikusi ahal izango da hemendik aurrera.




Erantzun

Sartu