Teknologia albisteak

Emakumezkoek eta gizonezkoek ezberdin bozkatzen dutenean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2016-10-14 : 09:59

Ameriketako Estatu Batuetako hauteskundeak azken txanpan daude, eta egunerokoak dira Clinton/Trump hautagaien arteko lehia erakusten duten inkestak eta datuak. Azken horien artean, interesa (eta harridura?) sortu du emakumezkoen eta gizonezkoen arteko aldea adierazten duen inkesta bat. Izan ere, zein ezberdinak diren batzuen eta besteen arteko bozka-asmoak!

AEBko presidentziarako hauteskudeen azken inkesten arabera, Clinton demokrata nagusi da Trump errepublikazalearen aurretik, 5-11 puntuko aldearekin. Estatistikoki, hauteskundeak irabazteko %84ko aukera omen du. Baina hori baino gehiago, beste inkesta eta grafiko batzuek sortu dute hika-mika eta zalaparta sare sozialetan. 

Gizonezkoen eta emakumezkoen bozka-asmoak erakusten dituen azterketa bat da, eta emaitzak zinez adierazgarriak dira. Estatuz estatuko datuak goiko irudian dituzue: emakumezkoek bakarrik bozkatuko balute, urdinez (Clinton) margotzen da AEBko mapa ia osoa (ingurunerik tradizionalenak dira salbuespena); gizonezkoen asmoak aintzat hartuta, aldiz, Trumpen gorria da jaun eta jabe, mutur batetik bestera (kasu honetan, Pazifikoko eta Atlantikoko estatu aurrerakoienak dira salbuespena).

Hedabideek egindako inkesten datuak begiratuta ere, guztietan nabaritzen da sexuen arteko alde nabarmen hori.

Inkesta guztiak bere osotasunean hartuta, hauxe litzateke une honetan estatu batuarren bozka-asmoa, Fivethirtyeight webgunearen arabera.

Trumpen izaerak eta adierazpenek (eta azken egunetan azaldu den bideoak) handitu egingo zuten, ziurrenik, gizkonezkoen eta andrazkoen alde hori, baina egia da aurreko hauteskundeetan ere gizon/andre ezberdintasun hori nabaria izan dela. Hona hemen, adibidez, 2012ko Obama-Romney arteko lehia:

Eta Euskal Herrian antzeko datuak bagenitu, nolakoa litzateke gure mapa politikoa? Emakumezkoak hemen ere gizonezkoak baino ezkertiar eta aurrerakoiagoak izango ote?

Iturria eta irudiak: Fivethirtyeight.com.

Erantzun

Sartu