Teknologia albisteak

Paleolitoko animalia grabatuak aurkitu dituzte Lekeitioan, tartean bi lehoi

Erabiltzailearen aurpegia
Bizkaiko Foru Aldundia
2016-10-13 : 17:58

Bizkaiko Ahaldun Nagusiak duela 14.000 urteko grabatu multzo bat aurkitu izana jakinarazi du; grabatuen multzoa oso berezia da kalitate tekniko handia duelako eta oso argi ikusten delako. Aurkikuntzak hainbat animaliaren dozenaka grabatu inguru jasotzen ditu, eta tartean Kantauri Itsasoaren inguruan oso berriak diren figura batzuk ageri dira, esaterako felinoak. Lekeitioko Armintxe koba honetan gutxienez bi lehoi ageri dira.

Madeleine garaiko Goi Paleolitoko grabatuak dira. Irudiak tamaina handiko grabatu multzo izugarria izateagatik nabarmentzen dira. Berrogeita hamar animaliaren figurek osatutako multzoa da, eta duela 14.000 urte inguru erabilitako teknika oso deigarria da; izan ere, irudiak arraste teknika baten bitartez eginda daude, eta horrek altxadura txikiak eragiten ditu; hala, lerro argi bat sortzen da, eta horri esker figurak ezin hobeto ikus daitezke. Teknika oso ondo egokitzen da kobazuloaren azalera eta efektu ia piktorikoa sorrarazten du. Horrez gain, irudikatutako figurek bi dimentsiodun bolumena daukate.

Aurkikuntza honen ezaugarri nagusietako bat, eta aurreko beste aurkikuntza batzuetatik bereizten duen ezaugarria, hain zuzen ere, Kantauri Itsasoaren inguruan figura erabat berriak aurkitu izanari dagokio, adibidez, felinoak.

Laburbilduz, multzoan aplikatutako kalitate teknikoa, osaera eta motiboak nabarmentzen dira.



Multzoan dimentsio handiko bisonte bat eta zaldi bat ere ageri dira, bakoitza mutur batean eta beste animalia txikiago batzuek inguratuta. Orain arte 18 zaldi, ahuntzen familiako 5 animalia (ohiko adarrengatik, gutxienez bi kasutan), 2 bisonte, gutxienez 2 lehoi, horietako batek buztana altxatuta dauka, eta oraindik zehaztu gabe dauden lau oineko lau animalia. Duela 14.500 urteko artearen berrikuntza ikonografikoen adibide argia da leize hau, eta adituek azaldu dutenez, grabatuen multzo gisa une honetan Iberiar penintsula osoan ezagutzen den multzo ikusgarri eta harrigarriena da.


Aurkikuntza honen beste berrikuntzetako bat lerro eta zirkulu erdiko ikurrak dira, Madeleine aldiko arte abstraktua irudikatzen dutenak. Frantziako Pirinio inguruan dauden grabatuen berdin-berdinak dira, eta lehen aldiz ageri dira Bizkaiko Lurralde Historikoan eta, dirudienez, baita Iberiar penintsulan ere.  Honek, horrenbestez, garai hartan komunitateen artean egon zitezkeen harremanen teoria indartzen du. Koban aurkitutako klabiforme piriniotar izenekoak beste batzuen berdin-berdinak dira, eta ezaugarri hori ere ezohikoa izan da orain arte Bizkaian.

Leize zapaldugabearen barrunbea

Grabatuen panel nagusia aurkitu den lekua orain arte "zapaldugabea" edo "birjina" dela esan daiteke; hortaz, ikerketarako potentzialak interes handia piztu du, metodo arkeologikoa aplikatuz lor daitekeen ezagutzari dagokionez. Ia segurtasun osoz esan daiteke panel nagusia dagoen kobazuloko barrunbearen hondoko lurra duela 14.000 urtetik hona inork ez duela zapaldu eta, seguru asko, Paleolitoko garai hartan grabatuak egin zituen/zituzten pertsonaren edo pertsonen arrastoak ere aztertzeko aukera izango dugu.

Zalantza izpirik gabe, aurkikuntza hau gure historia aurkitu eta hobeto ezagutzeko lagungarria izango den informazio iturria izango da, eta ikerkuntzatik gure nortasunean sakontzeko baliagarria izango zaigu.

Barrunbeak, gainera, zailtasun handiko sarbideak ditu irisgarritasunari dagokionez, eta ez da jendaurrean zabalduko eremuaren zaintza irizpide nagusia delako; hala ere, Kortezubin, Santimamiñeko multzoaren kudeaketa eremuan jasotako ezagutzari eta teknologia berriek eskaintzen dizkiguten aukerei esker herritarrek leizearen aberastasunarekin gozatu ahalko dute.

(Testu hauek eta argazkiak, Bizkaiko Foru Aldundiaren ohar ofizialekoak dira)

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago