Teknologia albisteak

Tableten salmentak behera eta behera etengabe

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2016-10-03 : 11:21

Orain dela 3-4 urte mundua dominatzeko jaio zirela ematen zuen. Gabonetako opari kuttun ere bihurtu ziren. Tabletak ziren gure desira ezkutuen jomuga. Baina azken 2 urteotan, tableten salmentak beherantz egin du etengabe. Merkatuaren saturazioa, berrikuntzarik eza, eta smartphonen dominazioa; horiexek izan daitezke tableten gainbeheraren arrazoiak. Kontua da, zazpigarren seihilabetekoz jarraian, tableten salmentak berriro ere behera egin duela 2016ko udaberrian. Oraingoan %12,3.

Hala da, irudiko taulak ez du zalantzarik uzten: tableten merkatuak goia jo zuen duela pare bat urte, eta harrezkero salmentak gero eta urriagoak dira. Merkatua ezagutu eta ikertzen dutenek argi daukate norantz goazen: etorkizunean tableten merkatua oraingoaren herena-edo izango da, eta ziurrenik beste funtzio batzuetarako erabiliko dugu.

Gainbehera horren arrazoi nagusiak 3 dira. 

  • Batetik, tabletek "berritasuna" galdu izana. Egungo tabletek ez dute eskaintzen orain dela 4 urtekoekin alderatuta ia ezer berririk. Erosleek "motibazioa" galdu dute.
  • Bestalde, merkatuaren nolabaiteko saturazioa ere gertatu da. Tabletak ez dira urtero edo biurtero ordezkatzen (mugikorretan sarri askotan bezala). Sakelakoak baino gutxiago erabiltzen ditugu, egonkorragoak dira, gehiago zaintzen ditugu,... eta luzaroago irauntzen digute. 
  • Bukatzeko, eta batez ere, smartphone handien salmenten gorakadaren ondorioz, tableten (gehienbat tablet txikien) merkatuak krak egin du. Gaur egun, edozein umek ere 5' hazbeteko telefonoa duenean, zertarako behar du erabiltzaile arrunt batek tableta? 9-10 hazbeteko tabletek neurri batean eusten diote beherakadari, baina 5-7 hazbete bitartekoak ia erabat desagertu dira merkatutik.

Norantz joko du tableten merkatuak?

Goian esan dugun moduan, ziurrenik merkatua asko txikituko da eta, gainera, erabiltzaileen profila ere beste bat izango da. Ez da erraz aurreikuspenik egitea, baina badirudi tableten garatzaileek sektore jakin batzuetara joko dutela. Ematen du, gehienbat, negozioen eta industriaren sektoreetarantz joko dutela tablet berriek, hainbat egoeratan PCen ordezko (edo konpententzia) bihurtuz. Telefonoarekin guda galdu ondoren, egokitu eta beste lehiakide batzuk aurkitzea besterik ez zaie geratzen tabletei.

Erantzun

Sartu