Teknologia albisteak

Juno: espaziountzi bat laino artean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2016-07-04 : 09:06

Gaur, Uztailak 4, Independentziaren Egunean, planetatik kanpoko untzi bat agertuko da laino artean... Baina, ez, ez da Independence Day-n estralurtarrak barneratzen direlako lurrean, baizik eta benetan, NASAren Juno espaziuntzi lurtarrak Jupiter erraldoiaren atmosferarekin bat egingo duelako.


Independence Day filmaren eta haren jarraipen estreinatu berriaren irudiak agian gogoan dituzue. Honela barneratzen dira estralurtarrak gure atmosferan:



Junoren agerpena Jupiterren ez da hain ikusgarria izango. Ia 5 urteko bidaiaren ondoren iristen da satelitea Jupiterrera, eta motorrak piztuko ditu abiadura geldotzeko. Apenas atmosferara gerturatu, eta urrundu egingo da berriro, bi orbita luze egiteko Jupiterren inguruan (orbita bakoitza osatzeko, 2 hilabete).

Ondoren, faserik interesgarriena iritsiko da, eta Jupiterren inguruko orbitak laburtu eta azkartuko ditu Junok: 14 eguneko beste 35 orbita egingo ditu, gehienak 2017. urtean zehar.



Orbita horietako bakoitzean, Jupiterreko atmosfera doi-doi ukituko du, baina planetaren parte desberdinak arakatuko ditu, eta hurbileko mapa zehatz bat lortzea espero dute zientzialariek. Ezagutza hori ez da bakarrik bisuala izango, Jupiter etengabe estaltzen duten gas ekaitz eta kapa erraldoiena, azpiko informazioa ere lortuko dute.


Hurbilpen guztiak poloetatik igaroko dira, baina igaroaldi bakoitzean, Jupiterreko meridiano edo eskualde desberdin bat zeharkatuko du Junok, eta horrela planeta osoa ezagutuko dugu gertutik. Poloetan, bestalde, Jupìterreko fenomeno berezietako bat ere aztertuko du Junok: aurorak, Lurrean bezala han ere gertatzen baitira, baina askoz eskala handiagoan.

Orbitetako hurbileneko faseetan, Jupiterren erradiazioa pairatuko du Junok, eta baliteke bere gailuetako batzuek huts egitea. Baina informazioa bildu eta transmititzeko gailurik baliotsuenak titaniozko kutxa baten barruan doaz, eta horiekin azken unera arte informazioa biltzea espero du NASAk.

Azken une hori ebitaezina izango da: azkenengo orbitan, 2018ko lehen egunetan seguruenik, Juno Jupiterren grabitateak harrapatuko du eta laino-atmosferan sartzean suntsitu egingo da.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago