Teknologia albisteak

Ikastolen Elkartea, ingelesa irakasteko nazioarteko eredu onenen artean

Erabiltzailearen aurpegia
Ikastolen Elkartea
2016-06-01 : 16:31

Ikastolen Elkarteko lantaldeak sortu eta Ikaselkar argitaletxeak ekoitzitako EKI proiektuaren baitako Subject Projects ingeleseko materiala 2016ko ELTONS sarietako finalista izendatu zuen, iragan apirilean, Londresko British Councilek. Hain zuzen ere Bigarren Hezkuntzako bigarren mailako Subject Projects da sarirako izendatutako materiala. Bihar, ekainaren 2arekin, Londresen egingo den ekitaldian jakinaraziko dute gure materialak saria jaso duen edo ez. Streaming bidez jarraitu ahal izango da sari banaketa ekitaldia, 19:15etik aurrera, Euskal Herriko ordutegian.

ELTONS sariak 2003an antolatu ziren lehenengo aldiz. Londresko British Councilek antolatzen ditu eta Cambridge University Pressek sustatzen ditu. ELTons izenak zera esan nahi du: English Language Teaching Innovation Awards. Ingelesaren irakaskuntzan, urtero banatzen den nazioarteko saririk garrantzitsuena da. Sariak hiru kategoria nagusi ditu:

  • 'Excellence in Course Innovation' (ikasmaterialen eta irakaskuntza programen berrikuntza)
  • 'Digital Innovation' (berrikuntza digitala)
  • ‘Local Innovation' (tokian tokiko berrikuntza)

Ikastolen materiala lehenengo kategoriako finalisten artean dago. Beste finalistak dira: Cambridge University Press (Erresuma Batua), National Geographic (Erresuma Batua), eta Areal Editores (Portugal)

Lotura honetan dago zerrenda osoa: ELTONS.

Ez da hau nazioarteko sari batera izendatu duten ikastolen lehenbiziko ikasmateriala. Lehendik ere izendatu eta irabazi ere egin dituzte sariak Eleanitz English-en baitan sorturiko materialek. Bestek beste, Hocus&Lotus, Story Projects (bi bider) eta The Explorers ditugu sariak irabazi edo finalista izendatu dituzten materialak.

British Council  Frantziako Alliance française edo Espainiako Cervantes Institutuaren antzeko erakunde bat da, Etxepare Euskal Institutua ere parekide jo genezake. 1934. urtean sortua, ingelesa eta britainiar kultura ezagutaraztea eta hedatzea dira bere egiteko nagusiak; Manchesterren eta Londresen ditu egoitza nagusiak, baina  munduko ehun herrialdetan dauzka ordezkaritzak.

Erantzun

Sartu