Teknologia albisteak

Agirre lehendakaria Berlinen

Erabiltzailearen aurpegia
Euskal Etxea Berlin
2016-05-22 : 08:42

2016an 75 urte betetzen dira Jose Antonio Agirre lehendakaria Europa okupatuan zehar ihesi Berlinen egon zela. Urteurrena gogoratu eta Agirre lehendakaria, Euskal Herriko historia eta erbesteko Eusko Jaurlaritzaren lana Alemanian ezagutzera emateko Berlingo Euskal Etxeak www.AgirreInBerlin.eus web-gunea osatu eta ekitaldi ezberdinak antolatu ditu Berlinen.

Web-gunean ekitaldien aurkezpen eta azalpenaz gain, Euskal Etxeak sortu eta Agirreren Berlingo egonaldia isladatzen duen mapa dago eskuragarri, hori prestatzeko erabilitako testuen alemanierazko itzulpenekin batera.

Jose Antonio Agirre ez zen soilik demokratikoki hautatutako lehen lehendakaria izan, II. Mundu Gerraz geroztik Europa demokratiko baten sorreran eginkizun garrantzitsua jokatu zuen figura politikoa ere izan zen. Euskal Herrian zein kanpoan adostasunez onartutako figura politikoa. Berak gidatutako Erbesteko Eusko Jaurlaritzak era aktiboan lan egin zuen Bigarren Mundu Gerra ondoko Europa berri eta batu baten alde, garai hartan sortutako erakundeetan parte hartuz.

Ekitaldiak hiru esparrutan banatzen dira:

  • Agirreren idatzien itzulpena eta Euskal Etxeak osatutako maparen aurkezpena, hitzaldi batekin osatuko dena.
  • Alderdi akademikoa: ekainaren 1ean Humboldt Unibertsitatean egingo den kongresua: "The International Legacy of Lehendakari José A. Agirre’s Government" (izatez, hiru hiriren artean egun desberdinetan da biltzar hau, Renon eta New York-en ere badira hitzorduak, ikus programa PDFan). Antolatzaileak: Etxepare Institutua, Leipzigeko Unibertsitatea eta Renoko William Douglas Center for Basque Studies.
  • Esparru kulturala: Berlingo Euskal Etxeak antolatu eta Etxepare Institutua eta Leipzig eta Humboldt unibertsitateen laguntzaz osatutako kongresua:  Agirre in the Arts: The Spanish Civil War and the Basque Exile in the Arts. Ekainaren 2an Humboldt Unibertsitatean. Espainiako Gerra Zibila, erbesteko Eusko Jaurlaritzaren lana eta beste hainbat gai diziplina artistiko desberdinen ikuspuntutik aztertuko ditugu egun horretan.

Bi kongresu horietaz gain, Berlingo Euskal Etxeak ondoko ekitaldiak prestatu ditu:

  • Maiatzak 31: Iñaki Goiganaren hitzaldia. Berlingo Cervantes Institutuan. La aportación vasca a la democracia cristiana europea y la creación de la unión europea tras la II Guerra Mundial: José Antonio Agirre y Alberto Onaindia.
  • Ekainak 2: Kirmen Uribe eta Mikel Urdangarinen "Zaldiak eta beren itzalak" poesia eta kantu emanaldiaren estreinaldia, Maxim Gorki antzokian.
  • Ekainak 3: Xabier Irujoren hitzaldia: Memoirs of a Basque Secret Agent: Nazi Concentration Camps and the Mechanics of Death. Nazien Frantziako okupazio garaian kontzentrazio-esparruetara deportatu zituzten iparraldeko juduen historia aztertzen duena.

Ekitaldi, mapa, itzulpen eta azalpen guztiak euskaraz, alemanez eta gazteleraz daude eskuragarri gure www.AgirreInBerlin.eus web-gunean

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago