Twiplomacy ekimenak bere urteroko laburpena argitaratu berri du (2015eko datuekin). Munduko liderrek Twitterren daukaten jarduna aztertzen dute urtero-urtero, jarraituenak eta eraginkorrenak zeintzuk diren aztertuz, estatistikak argitaratuz, eta abar. Aurtengoan, gainera, beste plataforma eta sare sozial batzuk ere aztertu dituzte (Youtube, Facebook, Instagram, LinkedIn, G+ eta Vine). Hona hemen, sare sozial nagusietan lider diren munduko liderrak.
Twitterrek gizarteko eragileen eta herritarren arteko komunikazio-ohiturak aldatu ditu, goitik behera aldatu ere. Horregatik, dagoeneko salbuespen dira Twitter konturik ez duten politikari eta gobernu buruak; gehienetan, gainera, euren komunikazio-bide nagusienetako ere bihurtu da Twitter kontua. Nazio Batuetan dauden 193 herrialdeetako gobernu buruen artean 172k Twitter kontua dauka (%86), eta gero eta gehiago/zuzenago darabilte.
“I am a firm believer in the power of technology and social media to communicate with people across the world,” idatzi zuen @NarendraModi Indiako lehen ministroak; eta hauxe gaineratu @AlexStubb Finlandiako lehen ministroak: “Most people who criticize Twitter are often not on it. I love this place. Best source of info. Great way to stay tuned and communicate".
Horrela, 2015ean politika mailan izan ditugun gertaera nagusiak Twitter bidez jarraitu ahal izan ditugu zuzen-zuzenean, protagonisten Time-linea jarraituta. Adibidez, Lausanako goi-bilera, Obama eta Castroren arteko harremana, edo munduan izan diren hauteskunde, goi-bilera liskar eta arazo politiko nagusiak.
Estatu Batuetako Presidente @BarackObama da jarraitzaile gehien dituen liderra, eta bere ostean dator Aita Saindu Frantzisko, @Pontifex. Indiako lehen ministroak (@NarendraModi) eta Turkiako Presidenteak (@RT_Erdogan) ere milioika jarraitzaile dituzte. Hego Amerikari dagokionez, 2-3 milioi jarraitzaile dituzte ondorengoek: Enrique Peña Nieto mexikarra @EPN, Cristina Fernández de Kirchner argentinarra @CFKArgentina eta Nicolás Maduro venezuelarra @NicolasMaduro.
Jarraitzaile kopuruaz gain, baina, garrantzitsua da jakitea zer eragin daukaten beraien txioek, eta horretan Frantzisko Aita Saindua da nagusi eta eraginkorrena, azterketa honen arabera. Idazten duen txio bakoitzeko, bataz beste, 8.000 bertxio jasotzen ditu (9.900 gaztelaniazko txioetan, 7.500 ingelesezkoetan). Saudi Arabiako @KingSalman dago bigarren postuan (4.419 bertxio, bataz beste), nahiz eta horretan eragin zuzena daukan txio bakarrak (tronua hartu zuen eguneko txio honek). Nicolás Maduro dago 3. postuan.
Esan bezala, aurtengoan beste plataforma batzuetako datuak ere eman ditu Twiplomacy webguneak. Horien artean Youtube azpimarratu dute, Gobernu askorentzat hedabide bihurtu baita bideoen plataforma.
Gaur egun ia-ia herrialde guztietako agintari eta Gobernuek daukate Youtube kontua, nahiz eta kasurik gehienetan jarraitzaile gutxi izan. Zerrendan aurrean daudenek, aldiz, euren politikaren inguruko informazioa zabaltzeko bide nagusietako bihurtu dute Youtube. Hauexek dira jarraitzaile gehien dituzten kontuak.
Lagun arteko sare sozial moduan sortutako plataforma, ezinbesteko bihurtu da gaur egun sare sozialetan egon nahi duen erakunde, administrazio edo agintarirentzat. Nahi edo nahi ez, herritarrak hantxe daude, eta politikariek ere hantxe egon nahi dute (beste kontu bat da ea zein puntutan lortzen duten eraginkor izatea Facebook bezalako ingurune batean). Planetako agintarien %87k kontua du Facebooken.
Kasu honetan, azpimarragarria da, agintari askok euren bizitza pribatuaren berri emateko darabiltela Facebook. Twitter eta Youtube gauza "serioagoetarako" erabiltzen duten bitartean, Facebooken ohikoak dira gertakizun pertsonalak: urtebetetzeak, seme-alaben argazkiak, familiako kontuak, eta abar. Eta esan behar da, gainera, horiexek izaten direla, oro har, Facebooken 'datsegit' gehien lortzen dituzten albisteak; politikatik aldendutako kontu pertsonal horiek.
Beste plataformen artean berriagoa da Instagram, baina gutxika-gutxika hau ere ari da bere bidea egiten, eta Instagramek izan du igoerarik nabarmenena azken hilabeteetan. Kasu honetan ere Barack Obama (@BarackObama) da goren dagoena, baina aipagarria da beste izen batzuk agertzen direla lehenengo tokietan, hala nola, Dmitry Medvedev (Dmitry Medvedev) Errusiako Lehen Ministroa eta Jordaniako Rania erregina (Queen Rania). Hona hemen Top10 zerrenda.
Twiplomacyk egindako azterketan, beste plataforma batzuk ere aztertu dituzte. Esate baterako, LinkedIn-en David Cameron da eraginkorrena, azterketa horren arabera. Eta Vine bideo-plataforman Gobernuak dira nagusi (ez gobernu buruak). Etxe Zuria, Eliseoa, Downing Street, Alemaniako kanpo ministeritza. Plataformaren izaerak eragina dauka erabiltzaileen profilean eta arrakastan, noski. Bukatzeko, GooglePlus ere aztertu dute, non garbi geratu den batez ere Ipar Ameriketan funtzionatzen duen plataforma bat dela.
Erantzun
Sartu