Teknofiloen albistegia

WhatsApp-ek ordenagailurako aplikazio berria atera du

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu.eus
2016-05-12 : 10:59

WhatsApp mezularitza-zerbitzua ez da mugikorretarako soilik. Iazko urtarrilean nabigatzailean erabiltzeko aukera eman zuten. Atzo aukera berri bat iragarri zuten: Mac eta Windows ordenagailuetarako aplikazio natiboa. Sistema eragile bertsio hauek behar ditu aplikazioak: Windows 8 (edo berriagoa) edo Mac OS X 10.9 (edo berriagoa). Ordenagailurako aplikazioa erabili ahal izateko, berau jaitsi behar da. Ondoren ireki eta QR kode bat eskaneatu behar dugu gure mugikorrarekin, nabigatzaileko WhatsApp bertsioa erabiltzeko egin behar den bezala.

Mila milioi erabiltzaile dauzka WhatsAppek. Eta funtzionalitate berri hauekin lortu nahi duena da erabilpen-maila handitzea. Hau da, WhatsAppen erabilpena ez dadila derrigor mugikorrarekin egin behar. Lanean gaudenean, adibidez, mugikorra erabili beharrean ordenagailuarekin txateatu ahal izatea. Mahaigaineko aplikazio hauek ordenagailuko jakinarazpenak erabiltzen dituztela da ezaugarrietako beste bat.

WhatsAppen lehiakidea den Telegramek nabigatzaileko bertsioa eta ordenagailuetarako aplikazioa eskaintzen zituen jada, eta baita Linux ordenagailuentzako aplikazioa ere.

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu