Teknologia albisteak

Gaur estreinatuko da "Txoministak" web telesaila

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2016-05-04 : 09:21

Euskarazko telesail urrien artean, gaur berri pozgarria izango dugu, eguerdi partean estrainatuko baita "Txoministak" telesaila. Web telesaila da, eta Internet bidez ikusi ahalko da. Proiektuaren atzean Hiru Damatxo komunikazioa kooperatiba dago, eta 14 lagunek osatzen dute lantaldea, aktore eta teknikarien artean. Esan bezala, web telesaila da eta gaur (maiatzaren 4an) estreinatuko da Argiaren webgunean: "Gutxi gorabehera eguerdi partean jarriko dugu ikusgai lehen kapitulua", adierazi dute. Zain gaude!

Web telesailak Txoministak du izena eta Euskal Herria definitiboki askatzera doan izen bereko alderdi politikoa izango du protagonista. Alderdi politiko eta politikarien inguruan harilkatuko dira telesailaren kapituluak. Lehenengo denboraldi honetan 8 kapitulu izango dira, eta gaiak umorez landuko dituzte.

Hiru Damatxoren inguruan, hamalau laguneko koadrila aritu da asteburuak Txoministaken zerbitzura jartzen. Aktore nagusien laukotea Naroa Mikelarena, Jon Ander Alonso, Edurne Azkarate eta Eñaut Gantxegik osatzen dute. Gidoiez, atrezzoaz, kamerez, muntaiaz, soinuaz, produkzioaz, ogitartekoez, zuzendaritzaz eta bururatzen zaizun beste guztiaz aldiz, ondoko hauek arduratu dira: Eneritz Arzallus, Peru Isasi, Beñat Iturriotz, Ane Lusarreta, Mikel Fernandez, Mikel Roman, Laida Zabala, Unai Gaztelumendi, Kepa Matxain eta Lander Arretxea.

Euskarazko web telesail urrien artean bigarrena izango da Txoministak, lehendik Lekunberrin grabatzen duten Deus ez da perfektua sailaren ondoren.

Ondorengo lerroetan, Hiru Damatxok argitaratutako aurkezpen-testua:

Ze nezesidade?

Pentsatuko du baten batek. Tabernazulo, bazkari-buelta, ile-apaindegi eta bizilagun asanblada guztietan aldarrikatu dugu sendotasunez ikus-entzunezko euskal fikzioa urria dela; usaina falta zaiola; ez diola heltzen gaur egungo errealitateari; dena dagoela egiteko…Eta hainbeste belarri berotu ostean, behingoagatik gure alea jartzea erabaki dugu. Ez gaude oso aberats diruz, ezta ere oinetakoz, baina baditugu ideia batzuk eta, ze demontre, ezin ginen saiatu gabe geratu.

Hamalau laguneko kuadrila izerdi patsetan

Horri guztiari forma emateko, hamalau laguneko kuadrila ari gara asteburuak Txoministaken zerbitzura jartzen. Aktore nagusien laukotea Naroa Mikelarena, Jon Ander Alonso, Edurne Azkarate eta Eñaut Gantxegik osatzen dute. Gidoiez, atrezzoaz, kamerez, muntaiaz, soinuaz, produkzioaz, ogitartekoez, zuzendaritzaz eta bururatzen zaigun beste guztiaz aldiz, ondoko hauek arduratzen gara: Eneritz Arzallus, Peru Isasi, Beñat Iturriotz, Ane Lusarreta, Mikel Fernandez, Mikel Roman, Laida Zabala, Unai Gaztelumendi, Kepa Matxain eta Lander Arretxea.

Ezin dugu, oraingoz, askoz gehiago kontatu. Edo bai: lehenengo kapituluak grabatu berri ditugula, eta ongi bidean, maiatzetik aurrera, astero astero izango dela Txoministak zuen pantaila gustukoenetan. Laster emango dizuegu lata gehiago.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago