Teknologia albisteak

Europako Batzordea Google ikertzen ari da Androiden monopolioa sustatzearren

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2016-04-22 : 11:10

Europako Batzordeko Lehia komisarioak, Margrethe Vestager-ek, baieztatu zuen asteazkenean ikertzen ari direla ea Googlek lehia-legeak urratzen dituen Android sistema eragilearekin. Hemen irakur daiteke ingelesez Batzordeak Googleri bidalitako jakinarazpena. Android mugikorren merkatuaren %80aren jabe da. Benetako lehiakide bakarra Appleren iOS da, merkatuaren %16arekin (Blackberry eta Windows Phonek oso merkatu-kuota txikia daukate).

Europako Batzordeak dio Googlek interneteko bilaketetan duen nagusitza mantendu eta indartzeko estrategia jarri duela martxan Android mugikorretan.

Hiru oinarri ikusten ditu Batzordeak:

  • mugikor-ekoizleei exijitzea hasieratik defektuzko bilatzaile gisa Google bera ezartzea eta Chrome nabigatzailea instalatzea. Googlerenak diren zenbait aplikazio erabiltzeko baimena lortzearen trukean.
  • mugikor-ekoizleei trabak jartzea Android kode-irekian oinarrituriko beste sistema eragile batzuk erabiltzeko.
  • mugikor-ekoizle eta telefonia enpresei pizgarri-ekonomikoak ematea haien mugikorretan Googleren bilaketa aurre-instalatzearen baldintzapean.

Bestalde, Margrethe Vestager-ek Lehia-komisarioak azaldu zuen Google Play aplikazio-denda aurre-instalatuta duten erabiltzaile normalentzat oso zaila dela beste aplikazio-denda batzuk erabiltzea, aplikazio-denda alternatibo hauek ezin direlako Googleren Play storetik jaitsi.

Googleren argudioa da Android modu uniformean eduki nahi duela, bere mantentzea erraztu aldera. Blog bat sortu du bere iritzia publikoki zabaltzeko eta dio mugikor ekoizleek nahi dituzten aplikazioak erabil ditzaketela, Googlerenak edota beste batzuk. Googlek dio gaur egungo mugikorrek aplikazio mordoa izaten dituztela aurre-instalatuta (Microsoftenak, Facebookenak, Amazonenak, Google berarenak, telefonia enpresenak eta abar).

Hainbat enpresak dihardute Googleren monopolio egoera salatzen. FairSearch erakundean bildu dira horietako batzuk. Nokia, Oracle edota TripAdvisor bezalako enpresa ezagunek osatzen dute FairSearch. Orain gutxira arte Microsoft bera ere erakundearen partaidea zen (Googleren bilatzailearen lehiakidea Bing-ekin).

Gai honi buruzko The Economist-en artikuluan dioten moduan, paralelismoak daude Europako Batzordeak Microsoftekin izandako aferarekin. Urte asko iraun zuen prozesu baten ostean, Microsoftek bere Windows sistema eragilean beste enpresa batzuen softwarea aurre-instalatzeko aukera eman zuen. Beraz prozesu hau amaitzeko modua izan liteke Googlek hainbat bilatzaile aurre-instalatzea Androiden eta erabiltzailearen esku uztea zein erabili.

Argazkiaren egilea Tangi bertin.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago