Burbunak eta etsayak, euskara eta natura lotzen dituen dokumentala da. Pertsonak eta naturak izan duten urteetako loturak natura eta euskararen jakintzan utzi duen ondarea eta aberastasuna modu erakargarrian azaltzen dituena. Hernanin grabaturiko dokumental honek, Euskal Herriko edozein herritan dagoen altxor ezkutu horren adibidea baino ez du izan nahi. Izan ere, zure herrian, zure inguruan, zure etxean, aitaren, amaren, aitonaren edo amonaren baitan egon daiteke belaunaldiz belaunaldi transmititu den jakinduria hori eta zure zain dago, zuk noiz deskubrituko.
Ondarea da hari-mataza bat, inoiz bukatzen ez dena. Tira eta tira egingo diozu hari-muturrari, eta ez da inoiz bukatuko. Pertsonak naturan itsatsita egon denetik sekulako jakintza pilatu du, mataza bukaezina. Egin ditu sendagaiak belarrekin, eta jarraitu dio basoko piztiari, herriko azken zokoraino... Animalia eta landareen izenak, bizimodua, haiekin lotutako sineskerak, mitoak... Herritarrak gero eta hiritarrago diren Euskal Herri honetan, badira ondare hori bizi-bizirik mantentzen duten herritarrak. Hernaniko kasua azaltzen du dokumental honek, ondarea gaur eguneraino dakarren hari-muturra ez baita erabat eten Hernanin. 25 protagonistek argituko dute zer diren burbunak eta etsayak.
Horixe izan da Burbunak eta etsayak proiektuaren muina: Hernaniko ondare naturala eta ahozkoa bildu duen ikus-entzunezkoa. Dobera Euskara Elkartea eta Aranzadi Zientzia Elkartea izan dira bultzatzaile, Hernaniko Udalaren eta Ereñotzuko Auzo Udalaren babesarekin. Eñaut Agirre eta Iñaki Sanz-Azkue izan dira arduradun nagusiak (elkarrizketak, gidoia,...); irudi-grabazioan eta post-produkzioan, berriz, Joxan Ruiz (Truk HD) eta Jon Mari Beasain.
Ikus-entzunezkoa hainbat tokitan aurkeztu da dagoeneko, eta DVD formatuan ere erosi daiteke (5 euroan, Doberan eta Aranzadin). Hemendik aurrera, beste herri batzuetan ere aurkeztu nahiko genuke. Interesa baduzu, jarri gurekin harremanetan:
Dobera Euskara Elkartea (Hernani)
Telefonoa: 943 33 27 99
Kontaktua: Nagore Zubitur
Erantzun
Sartu