Teknologia albisteak

Munduko kantu inprobisatuak izango dira Euskal Herrian, larunbatetik aurrera

Erabiltzailearen aurpegia
Europa bat-batean
2016-04-14 : 16:20

Atzo aurkeztu zen Donostia 2016ren egoitzan Europa bat-batean egitasmoa, Mintzolaren, DSS2016ren eta EHUko Uda Ikastaroen eskutik. Webgune berria aurkezteaz gain, datozen egunotan egingo diren Girotze Saioen berri eman zen. Munduko kantu inprobisatuak izango ditugu Euskal Herriko hainbat txokotan. Apirilaren 16tik 23ra izango dira saioak Euskal Herri osoan zehar: Bilbon, Hernanin, Donostian, Iruñean, Markina-Xemeinen, Uztaritzen eta Aramaion izango dira hitzorduak.

Atzo aurkeztu zen Donostia 2016ren egoitzan Europa bat-batean, Mintzola Ahozko Lantegiaren, Donostia 2016ren eta UPV/EHUko Uda Ikastaroen eskutik. Pablo Berastegui Donostia 2016ko zuzendari orokorrak, Andoni Egaña Mintzola Ahozko Lantegiko patronatukideak, Carmen Agoues UPV/EHUko Uda Ikastaroen zuzendariak eta Arrate Illaro Europa bat-bateaneko talde antolatzaileko kideak hartu dute hitza.

Hiru epetan gauzatuko da Europa bat-batean: 2015eko udazkenean jardunaldiak egin ziren Leonen eta Bartzelonan, 2016ko udaberrian girotze-saioak gauzatuko dira Euskal Herrian eta uztailean, Kantu Inprobisatuen Nazioarteko Topaketa egingo da Donostian.

Andoni Egañak azaldu bezala honelako topaketek lankidetzarako bide ematen dute: “Kubatarrengandik jaso genituen segidillak maiz erabiltzen ditugu guk, eta beraiek guregandik bertso-eskolen eredua hartu zuten”. Ekimena borondatezko zein soldatapeko kideez osatutako ehun bat laguneko lan taldeari esker gauzatuko da eta, besteak beste, tokian tokiko eragile eta bertso-eskolen laguntza ezinbestekoa izango da. Pablo Berasteguik ere esan bezala, hizkuntza gutxituak, kultura aniztasuna, kantu inprobisatua eta generoa izango ditu muinean ekimenak.

Girotze saioak, apirilaren 16tik 23ra

Bilbon, Hernanin, Donostian, Iruñean, Markina-Xemeinen, Uztaritzen eta Aramaion izango dira datozen hitzorduak. Turkiatik etortzekoak ziren kurduek ezin izan dute bisarik lortu eta Alemaniatik etorriko da euren ordezkaria. Kurdistango dengbêjari eta Sardiniako cantadoriei, Herrialde Katalanetako corrandistak eta glosadoreak gehitu zaizkie Arrate Illarok azaldu bezala.

Uztailean topaketa

Uztailean topaketa izango da Donostian, Kantu Inprobisatuen Nazioarteko Topaketa. Goizetan jardunaldi akademikoak eskainiko dira UPV/EHUko Uda Ikastaroen baitan, Miramar Jauregian, eta arratsaldetan saioak Donostiako hainbat lekutan. Carmen Agouesek gaineratu du jardunaldi akademiko hauetan izena emateko aukera zabalik dagoela jada www.uik.eus atarian.

2003an aurrekaria

Duela 13 urte, 2003an, Bertsozale Elkarteak Kantu Inprobisatua Munduan ekimena jarri zuen abian. Mundu osoko kantu inprobisatuen hamaika ordezkaritza batu ziren ordukoan eta denak bildu ziren amaieran egin zen Euskalduna Jauregiko emanaldian.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago