Teknologia albisteak

Txomin Artola musikariak ez omen du Wikipedian agertu nahi

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2016-04-12 : 12:06

Txomin Artola musikariaren Wikipediako orrian, ustez kantariak berak jarritako mezu batekin agertu zen lehengoan, Wikipediatik bere orria kendu dezaten eskatuz. Editoreek mezua "eztabaida orrira" eraman dute, eta badirudi Artolaren orriak bere tokian jarraituko duela.

Hauxe da ustez Artolak utzitako mezua:

***

Txomin Artola naiz.

Ez dakit zerbaiterako balioko duen hemen nere kexa idaztea, norbaitek irakurriko duen..., ikusiko dugu.

Neri buruzko zuen orri hori erabat ezabatzea da nere nahia. Inolako baimenik gabe hasi zineten idazten neri buruz: Amuitz, Aitorembe, Lainobeltz... izengoitiaz, eta den denak beraien benetako izenak izkutuan gordetzen. Harria bota eta eskua gorde.

Erabat desbabestuta sentitu izan naiz eta nahi ez dudan modu batera tratatua ere, txotxongillo bat bezela, eta hori gorrotatzen dut.

Ez dut modu honetan Wikipedian agertu nahi. Edonork, izkutuan, nahi duena idazteko babeste duen Wikipedian. Pakean utzi eta nitaz ahaztutzea eskatzen dut. Besterik ez.

Bitan saiatu naiz orria ezabatzen baina bitan, Xabier Cañas delako batek zentsuratu ditu, taliban-inkisidore baten modura. Ni ez naiz bandalo bat. Izatekotan, zu zara bandaloa, Xabier Cañas.

Sartu nazazue betirako zuen zerrenda beltzean. Lasaitu ederra hartuko dut.

Je vous emmerde.

Txomin Artola
***

Kexatzen da bere orria idatzi dutenak anonimoak direla (Wikipediako erabiltzaileen orriak), baina gero izen-deiturekin lan egiten duen wikipedista ezagun bati bandalo deitzen dio (Xabier Cañasi), orria ezabatu ondoren berreskuratu egin duelako.

Bere biografian okerrik edo gaizki-ulerturik ote dagoen, ez dakigu. Ahanztura eskubidea aldarrikatzen du? besterik gabe, ez agertzea? Horixe ematen du. Editoreren batek iradokitzen du agian biografiako datuak erreferentziekin hornitu beharko direla, zehatzagoak izan daitezen. Hemen jarraituko duelakoan...

Erantzun

Sartu