Teknologia albisteak

Mila berba bakarrik baimentzen dituen testu-editorea

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2016-04-09 : 10:21

Morten Just izeneko programatzaileak Cleartext izeneko aplikazio bat garatu du. Testu-editore sinple bat (Mac sistema eragilerako bakarrik), bakarrik uzten dizuna ingelesezko mila hitz erabilienak erabiltzen.

Zergatik? Bere iritziz gauzak esplikatzeko jira eta buelta gehiegi ematen du jendeak, eta hobeto da hitz zehatz, hedatu eta ulerterrazekin azaltzea kontuak. Honako GIF irudi honek erakusten dizu nola funtzionatzen duen ClearText-ek (kasu honetan Donald Trump-en mezu bat errepikatzen saiatu dira):

Gidoitik (mila hitz horietatik) kanpo dagoen hitz batekin saiatzean, editoreak markatu eta ezabatu egiten du.

Badu zentzurik honek? eta euskaraz egingo bagenu?

Euskarazko mila hitz erabilienen zerrenda bat lortzea ez litzateke hain zaila. Kontua da adizkien datubase bat ere beharko litzatekeela (gutxienez aditz laguntzailearen taula erabilienak; eta trinkoren bat edo beste), eta gero, nolabaiteko prozesamendua, lemak eta deklinabideak lotu eta baimentzekoa. Ingelesezko bertsioa baino konplikatuxeagoa izango zen, beraz.

Beste alde batetik, beste gehikuntza bat ere behar lukeelakoan gaude: euskaraz zein ingelesez, izen propioak baimentzeko sistemaren bat behar luke. Bestela oso pobre geratuko da mezuak idazteko gaitasuna, gure aburuz.

Cleartext probatu nahi baduzu (baita eraldatu ere, kodea ireki baitu sortzaileak), hemendik: Cleartext Github-en (Mac sistemetarako bakarrik oraingoz).

Erantzun

Sartu