Teknologia albisteak

"Neskatoak" dokumentala aurkeztu du Jon Abrilek

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2016-03-07 : 12:12

Atzo arratsean aurkeztu zen Beran (Nafarroa), "Neskatoak" dokumentala. Jon Abrilek zuzendua, Frankismo garaian Nafarroatik Iparraldera lanera joandako emakumeen historia biltzen du. Emakume horiek, nerabe eta neska gazteak, familia utzi zuten gibelean. Maiz, mendiz joan ziren, gordeka. Frankismoaren urterik gogorrenak ziren. Ipar Euskal Herriko hoteletan eta jatetxeetan aritu ziren lanean, baina baita etxe partikularretara ere, “interna” moduan. Abrilek 16 emakumeren lekukotasuna eta historia bildu du ikusentzunezkoan. Proiektuak Donostia 2016ko Energia Olatuen laguntza jaso du, eta Bortzirietako Mankomunitatearen babesa. Atzo lehenengo emanaldia izan zen Beran, eta datozen egunotan beste zenbait herritan ere aurkeztuko da.

1940 eta 1975 urteen artean emakume anitzek euren etxea utzi eta Ipar Euskal Herrira zein Frantziako bertze hainbat tokitara joan behar izan zuten neskame edo neskato lanetan aritzera. Emakume horiek, nerabe eta neska gazteak, familia utzi zuten gibelean. Maiz, mendiz joan ziren, gordeka. Frankismoaren urterik gogorrenak ziren. Ipar Euskal Herriko hoteletan eta jatetxeetan aritu ziren lanean, baina baita etxe partikularretara ere, “interna” moduan. 12 edo 14 orduko lanaldiak egiten zituzten, pasaporterik gabe, lanerako baimenik gabe, eta frantsesik jakin gabe.

"Nire haurtzaroan amatxiren kontu eta bizipen anitz aditu nituen etxean, amatxi berari zein aitari. Amatxiren bizipenak ezin izan nituen jaso, haur nintzela hil baitzen. Baina amatxi Micaela bezala dena utzi eta mendiz etorkizun baten bila joan ziren emakumeen testigantzak jaso nahi izan ditut", dio Abrilek.

Gaur egungo migrazio-prozesuetan bezala, emakumeek paper hagitz aktiboa izan zuten orduko gizartean, bertan gelditzen ziren gurasoei eta etxekoei ekonomikoki berebiziko laguntza eman baitzieten.

Berrian elkarrizketa egin zioten duela egun batzuk Jon Abrili (eta dokumentaleko zenbait lekukori), eta hantxe azaltzen ditu proiektuaren ingurukoak. Twitter bidez ere zabaldu dituzte azken egunotan aurkezpenaren inguruko berriak eta argazkiak. Aurkezpena atzo arratsean (igandea, martxoak 6) izan zen Berako Kultur Etxean. Datozen egunotan ere izango da emanaldirik, hurrengoa bihar bertan (martxoak 8) Hondarribian.

Informazio gehiago Neskatoak.eus webgunean.

Neskatoak dokumentala from Jon Abril on Vimeo.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago