Teknologia albisteak
2

Netflixen zenbait pelikula euskaraz ikusteko aukera

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu.eus
2016-03-02 : 11:30

Netflixek atzo iragarri zuenez, bere katalogoan dauden zenbait pelikula euskaraz eta katalanez ikusteko aukera izango dugu aurrerantzean. Oraindik kopuru testimoniala da euskarazko eta katalanezko pelikulena (guk geuk bakarra aurkitu dugu euskaraz, egia esateko; katalanez 4 omen dira), baina ea ganorazko politika baterako lehenengo urratsa den. Oraingoz filmen audioa da euskaraz eta katalanez gehitu duten bakarra. Azpitituluetan ez dago euskarazko edukirik, eta Netflix plataformaren interfazea bera ere gaztelania hutsean dago (jatorrizko ingelesaz gain). 

Urriaz geroztik erabili dezakegu Hegoaldeko euskaldunok Netflix plataforma; Iparraldean lehenagotik zegoen martxan. Orduan aurkeztu genizuen Sustatun bertan Netflix, eta azaldu genuen eduki guztia gaztelania hutsean zegoela (eta frantsesez Frantziakoan). Konpainiako buru Reed Hastingsek aurkezpenean aipatu zuen, benetako eskaera balego, prest zeudela beste hizkuntza batzuk ere plataforman gehitzeko (euskara, katalana eta galiziera), baina epe motzera ez zutela horrelakorik aurreikusten.

Netflix ireki eta berehala hasi ziren, ordea, beste hizkuntza batzuk eskatzeko kanpainak. Euskaraz ere izan genuen Netflix euskaraz, nahiz eta oso oihartzun txikia izan zuen. Katalanek indar handiagoz eragin zuten: #NetflixInCatalan kanpaina abiatu zuten eta 25.000 sinadura lortu zituzten canvia.cat. plataforman. Gainera, Kataluniako Gobernua ere zuzenean bildu zen Netflixekin, egoera berraztertu zezan, eta katalanezko filmen katalogo luze bat ere aurkeztu zuten.

Bizpahiru hilabetera, hortxe dugu lehenengo emaitza txikia. Txikia baino, erabat testimoniala. Atzo iragarri zutenez, dagoeneko 4 pelikula ikusi daitezke katalanez: Planet 51, Sky Captain i el món del demà, Diari d'una mainadera eta El secret dels germans Grimm. Oker ez bagaude, horietako lehenengoa bakarrik dago euskaraz, Planet 51 (zuetako inork besteren bat aurkituko balu, eskertuko genuke jakinaraztea).

Lehenengo urratsa? Pozik egotekoa? Euskaldunak katalanen eraginaren menpe? Eusko Jaurlaritzak ere emango du (edo eman ote du) urratsik zentzu berean? Datozen hilabeteetan ikusiko dugu ea norantz doan kontu hau. Oraingoz, hortxe, testimonialki, lehenengo filma euskaraz Netflixen: Planet 51.

Erantzunak

2016-03-03 : 11:54

Netflix dela eta, "Eusko Jaurlaritzako iturriek adierazi dute gaiarekin hausnarketan hasia dela gobernua, eta interesa izan dezakeela nahiz erabaki finkorik oraino ez egon." Berrian argitaratu da hori: http://www.berria.eus/albisteak/120268/netflix_filmak_euskaraz_eta_katalanez_jartzen_hasi_da.htm

2016-03-03 : 12:05

2014. urtean Eusko Jaurlaritzak hitzarmena sinatu zuen Canal Plus-ekin 379 film eta 335 telesail-atalen azpidatziak euskaraz sortzeko. Akordioaren berri eman zenean, HPSk adierazi zuen: "Aipatzekoa da Canal+ ez duela azpititulu hauen jabetza. (...) Urtebete hau pasata, Eusko Jaurlaritzarenak izango dira azpititulu hauek." Hemen dago dokumentua:

http://www.irekia.euskadi.eus/uploads/attachments/5442/Canal__hitzarmena_PO_eusk.pdf?1416230845

Urte eta erdi beranduago, azpidatziekin zer gertatu den galdetutakoan, zera dio orain Jaurlaritzak: "Distribuidora de Televisión Digital enpresa eskubideen jabea da. Nolanahi ere, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak filmen eta serieen azpitituluak eskegitzeko asmoa du bere webgunean, egindako lanararen informazioa guztion esku eskuragarri jartzeko. " Hemengoa da aipua:

http://www.irekia.euskadi.eus/eu/proposals/1862-canal-euskarazko-azpitituluekin-filmak-eskaintzeko-akordioaren-egoerari-buruz

Jabetzarena argi balego, 2014an iragarri zen bezala, ez legoke arazorik azpidatzi horiek Netlfixi oparitzeko (eta beste guztiei oparitzeko ere bai, jakina, berdintasunez). Baina zalantza hortxe dago, 200.000 euro inbertitu ondoren azpidatzi hauen euskaratzean, norenak dira azpidatziak?

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu