Teknologia albisteak
1

Larrialdiak eta teknologia berriak, Parisko adibidea

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu.eus
2015-11-18 : 10:26

Teknologiak aukera ematen digu zenbait zerbitzu modu azkarrean kontsultatu eta erabiltzeko gure mugikorretik: garraioa, ostatuak, telefono-deiak.... Eta erabilera hori handitu egiten da, noski, ezbehar eta larrialdi egoeretan. 2012an Sandy urakana dela eta ihes egindakoei doan eskaini zien emakume batek AirbBnB-en promozionatzen zuen bere New Yorkeko loft-a. Hori izan zen enpresaren hondamendiei erantzuna emateko zerbitzuaren hastapena. Geroztik San Diego, Londres edota Filipinetako hondamendietan aktibatu dute. Eta baita Parisen ere.

AirBnB-ek Parisen alta emanda dauden ostatuak kontaktatu zituen hirian noraezean zebiltzanak jasotzeko eskatuz. Twitter bidez tankerako zerbitzua eskaintzen hasi ziren biztanleak #PorteOuverte traolarekin ostatua eskainiz. Beste enpresa batzuk eskaini zituzten zerbitzuak baita ere. Google-ek Parisera doako deiak eskaini zituen Hangouts zerbitzua erabiliz, Skype, Verizon edota Sprint-ek bezalatsu. Uber-ek bere prezioa ezartzeko algoritmoa eten zuen (prezioa igotzen duena eskaria handia denean). Facebook-ek safety check delakoa (ondo gaudela ziurtatzea) jarri zuen abian. Paris inguruan egotekotan ea ondo eta seguru zeunden galdetzen zizun Facebookek, eta ondoren mezu hori zure kontaktuei erakutsi. Facebook berak dioenez 4 milioi pertsonak erabili dute funtzionalitate hau.

Hemen goian aipaturiko ekintza denetan Facebook-ena izan da zalaparta eta kritika gehien piztu duena. Orain arte aktibatu dute noiz edo noiz, beti ere hondamendi naturalak gertatu direnean (Txile edo Nepalgo lurrikaren ostean, adibidez). Zergatik aktibatu dute Parisen eta ez egun bat lehenago Beiruten? Facebookek erantzun du "zerbait berria probatzeko lehen aldi bat egon behar da, baita sasoi konplexu eta sentikorretan ere, eta guretzako Paris izan da".

Erantzunak

2015-11-19 : 12:47

Facebook-ek berriz aktibatu zuen Safety Check zerbitzua asteartean, Nigerian 30 pertsonatik gora hil zituen atentatu baten ostean. Hemen Facebook-eko Mark Zuckerberg-ek publikatutako oharra https://www.facebook.com/zuck/posts/10102481809620421 eta hemen Nigeriako atentatuari buruzko informazioa http://www.aljazeera.com/news/2015/11/nigeria-market-bombing-151117213718605.html

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu