Sustatu logoa Teknologia albisteak

Euskaltzaindiari, euskalgintzaren lidergoa berreskuratzeko eskaera

Erabili.eus
2015-10-29 17:20

Patxi Saez Belokik, Euskara bidegurutze estrategikoan dagoela adierazi du eta Euskaltzaindiari eskatu dio "hizkuntza akademia klasikoen Corpus Plangintza lantzeaz eta garatzeaz gain Status Plangintza lantzeari ekin diezaola lan esparruak zabalduz eta berrituz".

Azpeitiko soziolinguistaren arabera, euskarak ondorengo 25-30 urteei begira etorkizun-ikuspegia behar du eta estrategiak zehaztu behar ditu, helburu argi batekin: "Euskaraz bizi nahi duten herritarrak bere herrian baztertuta dituen dinamikak eta inertziak aldatzea eta iraultzea litzateke helburu nagusia, Euskara gizartearen periferiatik erdigunera ekartzeko, Euskara gizartearen bigarren hizkuntza izatetik gizartearen hizkuntza nagusi bihurtzeko, azken finean, euskarak gizartean zentralitatea eta lehentasuna lortu ahal izateko".

Euskalgintzako punta puntako 50 adituren iritziak, hausnarketak eta ekarpenak jaso ditu Patxi Saezek Erabili.eus agerkari digitalean argitaratu duen "Elefantea ikusi" hausnarketa-lanean. Saezek euskaltzaleen artean euskararen etorkizun-ikuspegiari buruz eta jarraitu beharreko estrategien gainean dagoen eztabaida hauspostu eta gizarteratu nahi izan du "Elefantea Ikusi" lanarekin. Iñaki Iurrebaso soziologoaren arabera, "Etorkizuneko erronka nagusiak finkatzeko ekarpen kualifikatua" da Patxi Saezena.


Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu