Iraila hasiera, badakizue, iraila hasierarako utzitako lanak egiteko garaia da. Bat baino gehiago izango da zuen artean, Windows 10 instalatzeko lana opor osterako utzi, edo instalatu bai, baina behar bezala konfiguratzea egunotarako zereginen artean daukana. Tira ba, konfigurazio horien artean bada bat, maitiok, oso-oso-oso erraz eta garrantzitsua, gaur bertan egin behar duzuena: Windows 10 euskaraz jartzea. (Joxe Rojasek aholku tutorial hau Teknopata.eus-en argitaratu du, eta handik hona dakarkigu bere cc-by-sa lizentziari esker).
Nik dakidala behintzat, ez da posible Windows 10 euskaraz zuzenean instalatzea. Nik behintzat ez dut lortu, Microsoften webgunean oso hizkuntza gutxi agertzen dira aukeran. Baina, behin instalatuta, oso-oso-oso erraza da Windows 10en hizkuntza euskarara aldatzea.
Hona jarraitu beharreko pausuak.
Mahaigainean zaudela, klikatu Windows botoian, eta gero “Ezarpenak” aukeran:
Haren barruan, aukeratu “Eskualdea eta hizkuntza”, eta eskumako partean “Gehitu hizkuntza”
Hurrengo pantailan, aukeratu ‘Euskara’ (pantailako zerrenda ezker-eskuin mugituta ikusi ahal izango duzu).
Horrek aurreko pantaila eramango zaitu berriz. Hor, ‘Euskara’ aukera ikusiko duzu hizkuntza posibleen artean. Hiru klik gehiago egin behar dituzu oraindik:
Bost pausu horiek ondo eginez gero, zure Windows 10 erabiltzailea euskaratuta egongo da, eta menuak, alertak eta Microsoften aplikazio gehienak euskaraz agertuko zaizkizu, saioa itxi eta berriz irekitzen duzunean. Baaainaaa… zure makinako hizkuntza nagusia lehendik zenuena izango da oraindik. Ikusi zer gertatzen den ordenagailua berrabiarazten dugunean:
Bai, gure erabiltzailea euskaratu dugu, baina ordenagailuaren hizkuntza nagusia erdara da oraindik. Lasai, hori ere alda daiteke!
Zure ordenagailuaren lehen hizkuntza euskara izan dadin, oraindik beste klik batzuk egin beharko dituzu. Harira:
“Ordua eta hizkuntza”
“Eskualdea eta hizkuntza”
“Data, ordua eta tokiko ezarpen gehigarriak”
Hurrengo pantailan, aukeratu “Hizkuntza”, eta gero, “Ezarpen aurreratuak”:
Lasai, gutxi falta zaigu eta! Hurrengo pantailan, lotura bat ikusiko duzu, honelako zerbait dioena: “Aplikatu hizkuntza ezarpenak ongi etorriko pantailan, sistemaren kontuetan eta erabiltzaile berrien kontuetan”. Eureka!!! Horixe zen bila genbiltzana! Egin klik, bada, lotura horretan!
Beste leihotxo bat irekiko zaigu (Windows, gogoratzen? ;-)), eta hor botoitxo bat ikusiko dugu, “Kopiatu ezarpenak” dioena. Hari sakatu eta, hurrengo pantailaren beheko aldean agertzen diren bi laukitxoak gaitu ondoren, “Ados” botoiari sakatuko diogu.
Bukatzeko, ordenagailua berrabiarazi beharko dugu jarraian. Aurrerantzean, honelaxe agurtuko gaitu gure PCak:
Erraza ezta? Badakizu zer egin behar duzun bada!!! Gogoratu oso garrantzitsua dela IKTetan ere euskara erabiltzea, posible denean behintzat. Besteak beste, horrela software egileen estatistiketan agertuko garelako, eta estatistika horiek faktore erabakigarria direlako enpresa handi horiek hurrengo bertsioetan edo beste produktu batzuetan ere euskara sartu ala ez erabakitzeko! Behin Microsoftek aukera eskaini digula, ez diogu muzin egingo, ezta?
Mila esker laguntzatxoagaitik!!
Ohartxo bat: Teklatu espainola ez da Euskara (nik US erabiltzen dut)
Euskarazko Software gehiago Hemen:
https://sites.google.com/site/euskarazkosoftwareakeusxa/
eta
Euskarazko Azpidatziak Hemen:
https://sites.google.com/site/euskarazkoazpidatziak20152016/