Teknologia albisteak
1

Aldundiei eta Jaurlaritzari kasu zipitzik egin gabe, Eroskik BEZik gabeko "publizitate engainagarria" egiten jarraitzen du

Erabiltzailearen aurpegia
Gananzia / Sustatu
2015-09-03 : 09:42

Uztailean gertatu zen: Eroskik "BEZik gabeko kanpaina" bat iragarri, eta Foru Aldundiek eta Jaurlaritzak ohar batean praktika hori salatu. Mugikaria-ren edizioko artikulu batean azaldu genuen. Uda igaro da, eta Eroskik bere horretan jarraitzen du, eta astebururako BEZik gabeko eguna iragarri du. Erakundeek "iruzur fiskala eragiten duten eta publizitate engainagarria duten praktikak" esaten diete kanpaina hauei, baina Eroskik entzungor egiten du.

Hona Mugikarian uztailean argitaratua:

Ia aldi berean gertatu dira bi gauzak. Batetik, Eusko Jaurlaritzak eta EAEko hiru Foru Aldundiek kritikatu egin dituzte "BEZik gabeko publizitate kanpainak". Eta bestetik, aldi berean, Eroskik ekin dio halako kanpaina batekin iragarki ekintza agresibo batzuekin (itxura batean, gaztelania hutsez, ez euskaraz).

Erakundeen aburuz, praktika honek "iruzur fiskala sustatzen du, eta okerrera daraman publizitatea dira". Proposatzen dutena da hizkera aldatzea, eta "deskontu" soilak iragartzea. Eroskik oraingoz ez du kasurik egiten.

Hona zer dioen Foru Aldundien eta Jaurlaritzaren agiri bateratuak:

"Argi gelditu behar da, ezbairik gabe, BEZa kontsumoa kargatzen duen zerga dela, eta ondorioz, kontsumitzaileek era horretako publizitate-kanpainak dituzten saltokietan egindako erosketa guztiak BEZari lotuta daudela, aipatutako kanpainek esaten dutena esaten dutela. Sustapen-eskaintzek, hala badagokie, deskontu bat izango dute produktuaren salneurrian, baina ez da inola ere onargarria izango dena delako erosketa hori BEZa ordaintzeko betebeharretik salbuestea saltzaileak produktuak merkeago eskaintzea erabakitzeagatik. Horrenbestez, herritarren kontzientziatzeari dagokionez aipatu dugun eragin kaltegarriaz gain, agerikoa da kanpainen esloganak ez direla egiazkoak, horrelakoak bultzatzen dituzten enpresek ez baitute inola ere saihesten ordaindu behar duten BEZa bezeroei jasanaraztea".

Une honetan bertan Eroski dago kanpaina hau egiten, baina antzeko publizitatea egin izan dure sarri beste enpresa batzuek, hala nola Media Markt. Eroskiren lehiakide zuzenek ere egin izan dute, adibidez Carrefourrek; baina kasu horietan, inork ez zuen ezer esan nonbait.

Eroskiren estrategiari dagokionez, kanpaina betean dabil euskal kooperatiba bezeroak fidalizatzeko hainbat ekintza bultzatzen. Euskal merkatu kutunenean Mercadona sartzera doala izan daiteke arrazoia.

(Gananzia agerkarian uztailean argitaratua, hemen).

Erantzunak

2015-09-03 : 15:46

Twitterren txio promozionatu hau aurkitu dut:


Erantzun

Sartu