Teknologia albisteak

Kazetaritza ez da delitua: Mila esker

Erabiltzailearen aurpegia
Iraitz Salegi / Topatu.info
2015-07-01 : 08:54

Topatu.info-ko kazetari Iraitz Salegi absolbitu egin du Espainiako Auzitegi Nazionalak kazetaritza-pieza bat egiteagatik epaitu ondoren. Kazetaritza egiteagatik jazarpena salatzeko antolatu zen Kazetaritza ez da delitua kanpainan parte hartu zutenei esker oneko gutuna helarazi die Salegik orain.


Mila esker

Kaixo lagunok,

Badirudi amesgaizto hau amaierara iristear dela, eta ezin geratu zuengandik jaso dudan berotasun guztia itzultzeko ahalegina egin gabe. Berdin egingo nuke absolbitu beharrean kondenatu izan banindute.

Mila esker, barru-barrutik, babesa helarazi didazuen guztioi. Gehienok ez nauzue ezagutu ere egiten, eta gertu sentitu zaituztet. Beste batzuekin, aldiz, aritutakoa naiz; eskerrik asko erakutsitako konplizitateagatik eta emandako babes keinu bakoitzarengatik, barruan daramatzat guztiak.

Bidea ez da batere erraza izan; kamera atzean egotera ohitua dagoen honek nahikotxo sufritu du beste aldean. Baina hori ere egin beharra dago, eta zinez eskertzen dizuet guztiok jarritako arreta. Neregatik baino, gehiago sufritu dut ingurukoengatik: etxekoak, lagunak... Beraiek sufritu dute nire sentimendunen gorabehera, eta ez dute lan erraza izan. Zer esan prozesu honen albo kalteez: psikologikoez, fisikoez eta ekonomikoez. Ez da erraza izan lasai arnasa hartzea.

Zergatik kontatzen dizuedan hau guztia? Horrelako erasoak izen-abizenak ditugun pertsonok sufritzen ditugulako, nahiz eta proiektuak egon jopuntuan. Eta gu izango gara, hain zuzen, Mozal Legearen errepresioa zuzenean jasango dugunak. Proiektuak babesteak gure burua babestea ere eskatzen du, eskubide pertsonal zein kolektiboengatik egin behar dugu borroka.

Gisa honetako erasoak salatu, gure ofizio edo afizio bereko kideak babestu eta modu bateratu batean indarra egiteko sortu genuen “Kazetaritza ez da delitua”. Eta, tamalez, gure inguruan baditugu jada beste kasu batzuk: LaHaine.org agerkariko @Boro_LH kazetariarena, adibidez (6 urteko espetxe zigorra eskatzen diote bideo honengatik). Justizia ez da itsua eta gutako edonor egon liteke egoera antzeko batean. Beraz, poztekoa litzateke sortu dugun ‘gune’ hau informazio eskubidea defendatzeko baliatzen jarraitzea.

Asko luzatu gabe, eskerrik asko beste behin hor egoteagatik. Jaso dudan berotasunagatik, baina batez ere hemendik sortu litekeen babes eta indar sareagatik.

Kalean ikusiko dugu elkar,
besarkada estu bana.

Iraitz

Erantzun

Sartu