Teknologia albisteak

Rikardo Arregi kazetaritza sariak 2015

Erabiltzailearen aurpegia
Rikardo Arregi Kazetaritza Saria
2015-06-28 : 08:35

Rikardo Arregi Kazetaritza Sarietan ekainaren 27an Andoainen banatutako sari nagusietan, hauxe izan zen sari nagusia: Pedalka, Jon Salaberriri buruzko ikus-entzunezkoa. Egile eta sariduna: Julen Iriondo Martinez de Zuazo. (Lan horren oinarri, Jon Salaberriri buruzko erreportaia hau da halaber, Joxe Aranzabalek idatzia)

Sari nagusia


Saritutako lana: 2015eko maiatzaren 5ean, GOIENAn ipinitako Jon Salaberri izeneko ikus-entzunezkoa.

Saria: 9.000 euro, diploma eta Xabier Laka eskultorearen oroitikurra.

Epaimahaiaren iritzia:

Ia ahaztuta genuen egoera gogorra, belaunaldi oso baten bizipen izan zena, gogora ekarri digu berriz ere Julenek bere ikus-entzunezkoaren bidez. Ahanzturatik atera eta balioan jarri du 80 eta 90eko hamarkadetan HIESA pairatzen zuten gaixoen egoera ezagutarazteko eta hobetzeko Jon Salaberri arrasatearrak egindako lana. Hala, Joxe Arantzabalek argitaratutako artikulua [1] eta ikerketa baliatuz, primeran egokitu du informazio hori guztia ikus-entzunezkoen formatura. Aipatzekoak dira bai artxiboen erabilpena bai elkarrizketak emateko editaia landu eta zaindua.

Jon Salaberriren irudi heroikotik ihes egin eta bere konplexutasuna erakutsi digu, bere argi-ilunak, familiarteko harremanak, lagunekin bizitakoak, gaixotuta bestearekiko erakutsi arreta eta enpatia zein auzolana bultzatzeko gaitasuna, osasun arloko profesionalen ikuspegia, politikoen adierazpenak...

Azpimarratzekoa, era berean, kazetari saridunak erakutsi duen erregistro handia, horren adibide, sari honetara aurkeztu duen oso bestelako lana, Pedalka [2] izeneko ikus-entzunezkoa: Gipuzkoan gaindi bost etapatan bizikletaz egin bidaia, txirrindularien gorabeherak adieraziz, Julen bera ziklista aparta izanda!

Irabazlearen profila: Julen Iriondo Martinez de Zuazo. (Oñati, 1979)

EHU-UPVn kazetaritza ikasketak egin, ETBn eta GARA hedabideetan jardun ostean, 2001etik Goiena Komunikazio Taldean dihardu lanean. Kazetari, aurkezle, albistegiko arduradun, teknika alorreko lanak egin ditu hedabide horretan, eta azken urteotan kazetari multimedia, telebistarako ez ezik, prentsa idatzirako zein Goiena.eus-erako lan egin du. Telebistan gidatu dituen saioak, besteak beste, Harmailatik –kirol saioa–, eta Ekogune –ekologiari buruzkoa–, Kutxa Ekogunearekin elkarlanean.

 

Gainerako sariak

Kazetari Berria saria,, BERRIAko Samara Velteri eman zioten, Eskoziako independentzia erreferendumaren inguruan idatzitako erreportaje sortagatik.

Aurkeztutako lanen kalitatea dela eta, bi aipamen berezi egin dituzte:

  1. BERRIAko Iñigo Astizek jaso zuen horietako bat, Kantuan diren lekuak erreportaje bildumagatik.
  2. Mikel Ibargoien kirol kazetariak jaso zuen bestea, Gaur 8-n emakume kirolarien inguruan landutako erreportaje eta elkarrizketengatik.

 

Erantzun

Sartu